Teknologia albisteak
2

Parte hartzeko prozesuen mundu mailako topaketa Zerainen

Erabiltzailearen aurpegia
Agurne Barruso - Elhuyar Aholkularitza
2005-06-07 : 17:06

Elhuyar Aholkularitzak bultzatuta, CIRAC sareko 40 bat kide elkartu dira Zeraingo “Aritzi erdi” etxean, ekainaren 6tik 10era bitartean, Reflect-Ekintza izeneko ikuspegiarekin lan egiten dutenak guztiak ere. Asia, Hego Amerika, Afrika eta Europako 24 herrialdetatik hainbat ordezkari etorri dira, 5-6 egunez esperientziak trukatzeko eta CIRAC (Círculo Internacional Reflect-Acción y Comunicación) sarearen beraren ildoak zehazteko. Aurtengoa V. topaketa da, txandaka kontinentez aldatzen da eta aurrekoak Erresuma Batuan, Hegoafrikan, Brasilen eta Bangladeshen egin ziren.

Reflect-Ekintza lan egiteko ikuspegi edo metodologia berezi bat da eta, duela 10 bat urte sortu zenetik, etengabe aldatzen, hazten eta aberasten joan da, esperientzia edo prozesu bakoitzetik zerbait berria ikasten delako. Mundu osoko 60 herrialde ingurutako 600 erakunde baino gehiagotan praktikatzen da Reflect-Ekintza eta gehienak nazio edo eskualde mailako sareetan antolatuta daude. Argibide zehatzagoak honako guneetan aurki ditzakezu: gaztelaniaz Reflect-Acción edo ingelesez Reflect-Action.

Betiere eraldaketa helburu duen proiektuetan era askotako talde eta erakundeekin erabiltzen da Reflect-Ekintza munduan zehar: talde etniko minoritarioak, emakume-taldeak, enpresak, udalak, gizarte-erakundeak, sindikatuak, etab. Ikuspegiaren eraginkortasunak, eragiten duen parte-hartze handiarekin batera, era guztietako gaiei heldu eta prozesuak eraikitzea ahalbidetzen du: giza eskubideak, udal mailan partaidetzako planak, botere-harremanak, immigrazioa, genero-berdintasuna, hizkuntz normalizazioa, gatazkak konpontzeko, jarrerak aldatzeko, etab. Laburbilduz, taldeko pertsonen esperientzietan oinarrituta eta parte-hartzea eta jabetzea eragiten duten zenbait teknika erabiliz, hausnarketarako bideak jarri eta aldaketarako ekintzak finkatzea lortzen da. Praktikak erakutsi du, halaber, aldaketa iraunkorra eta sostengagarria ekarriko duen prozesu orotan, prozesuaren beraren kalitatea dela giltzarria. Horrela, gaiak eduki soil gisa landu beharrean, pertsonei lotutako elementu bibentzial bihurtzen ditu ikuspegi honek. Erakunde-mailako krisiak eta herritarren konfiantzarik eza nagusi diren garai hauetan, benetan erakargarria izan liteke Reflect-Ekintza bezalako ikuspegia lantzea.

Zergatik Zerainen?

Topaketa egiteko Zerain aukeratzea ez da kasualitatea izan, Zerainek badaukalako bere herri-proiektua, landa-izaera eta etorkizunerako eta teknologietarako proiekzioa konbinatzen dituena; laburbilduz, herritarren parte-hartzean oinarritutako eraikuntza kolektiboko proiektua da, zeraindarrek beraiek garatzen dutena. Aukera ezin hobea da, beraz, kanpotik datozen kideei Euskal Herrian horrelako proiektuak badaudela adierazi eta bertatik bertara erakusteko.

Reflect-Ekintza Euskal Herrian

Elhuyar Aholkularitzak urte batzuk badaramatza ikuspegi berritzaile horren arabera lanean, bai barne-antolamenduan eta gestio-ereduan, bai kanpora eskaintzen dituen zerbitzuetan: euskara sustatzeko planak erakundeetan, udalerrietan, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuak, gogoeta estrategikoak, antolamendua eta funtzionamendua hobetzeko prozesuak, etab. Ekainaren 7an, hain zuzen, topaketako partaideek Euskal Herriko zenbait proiektu ezagutzeko aukera izan dute: Berrizko Udalean landutako plan estrategikoa, hainbat enpresatako euskara-planak (Orkli, JMA, Danona eta Orona) eta Elhuyar Aholkularitzaren gestio-eredua. Zerainen egingo den topaketaren bultzada aprobetxatu eta Reflect-Ekintzako Euskal Herriko sarea osatzea ere bada antolatzaileen beste asmoetako bat. Argibide gehiago jaso nahi baduzu idatzi mezu bat honako helbidera.

Ekainaren 8an ekitaldi irekia

Nahi duen ororentzat zuzendutako ekitaldi bat antolatu da, esperientzia-truke bat, hain zuzen. Ekainaren 8an izango da, gaueko 9etan, Zeraingo pilotalekuan. Gaia honakoa da: Munduko emakumeak, gizarte-aldaketen bultzatzaile. Parte-hartzaileak: Asia, Afrika, Latinoamerika, Kanada eta Europako hainbat emakume, jabetze-prozesuak garatzen dituztenak, eta EMAKUNDEren izenean Txaro Arteaga.

Bukatzeko, hara beste zenbait hedabidek gaiaren inguruko kontu batzuk nola eman dituzten: hilaren 4an GARAn eta hilaren 7an BERRIAn.

Erantzunak

M.K.
2005-06-07 : 19:38

Prozesuak eta topaketak mundu mailakoak izango dira, baina Elhuyar Aholkularitzaren webgunea eta Reflect-Action oso eskasak dirudite.

Gari
2005-06-08 : 10:39

Kasurik ez aurreko mezuari.


Troll-a


[...] a provocative posting intended to produce a large volume of frivolous responses [...]


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago