Teknologia albisteak

Tim Martin BBCko produktoreak "Nola eraman zientzia komunikabideetara" udako ikastaroan parte hartuko du

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2004-05-25 : 10:05

Tim Martin BBCko produktoreak "Nola eraman zientzia komunikabideetara" ikastaroan parte hartuko du. Ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du, Elhuyar Fundazioaren laguntzaz, eta helburua zientziako zein kazetaritzako ikasleak kazetaritza zientifikora hurbiltzea da. Ekainaren 24tik 26ra bitartean izango da ikastaroa Donostiako Miramar jauregian.

Zientzia zaila eta ulertezina da. Ala ez? Zientzia komunikabideetan erraz dibulgatzeko gakoak azaltzeko, "Nola eraman zientzia komunikabideetara" ikastaroa antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Elhuyar Fundazioak.

Ikastaroaren helburua

Helburua, zientziako zein kazetaritzako ikasleak kazetaritza zientifikora hurbiltzea da. Eta horretarako, nazioarteko zein Euskal Herriko adituen esperientzia ezagutzera emango da.

Guillermo Roak, ikastaroaren zuzendariak, dioenez, "ikastaro honen bitartez aukera ona eskaintzen zaie zientzia dibulgatzen jardun nahi dutenei, zientziari buruz informatzeko gakoak zeintzuk diren azalduko baita ikastaro honetan".

Parte hartzaileak

Hiru egun iraungo du ikastaroak, ekainaren 24tik 26ra bitartean hain zuzen ere, eta Donostiako Miramar jauregian izango da. Besteak beste, Tim Martin BBCko produktorea, The Natural World seriearen produktorea, eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Raimundo Roberts irakaslea, Katalunian Zientziaren Behatokia sortu duen taldekoa, izango dira ikastaroan. Bestalde, Elhuyar Fundazioko, EHUko, Berriako eta EiTBko parte-hartzaileak ere izango dira.

Ikastaroa euskaraz emango da eta matrikula jada irekita dago. Ikastaroaren egitaraua "Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago