|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Urtebete Egunkaria gabe: "Gezurra ari du"Lorea Agirre ¦ 2004-02-19 ¦ 09:15 ¦ egunkaria-libreUrtea azkar joan da, baina ez arin. Urtea bete da Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak aginduta 300 guardia zibilek Egunkaria itxi eta bederatzi lagun atxilotu zituztela. Operazio politikoa, judiziala eta poliziala. Aurrez idatziriko tesi frogatu gabe bat Sumarioak Guardia Zibilaren txosten bat du abiapuntu. Izenburua: "Enpresa sare batek ETAren finantzaketarekin ustez duen loturari buruzko txostena". Txostena: "Txosten honetan, finantzaketa terrorista aztertu da, diru zuriketa ikertzeko egiten diren lanen ikuspegitik. Lehenik eta behin, zehaztu da nolako enpresa egitura beharko lukeen ETA organizazio terroristak. Gero, horren arabera, aztertu da ezaugarri horiek beterik zein enpresak duten ohiz kanpoko jarduera, hau da, beren jardueran eta beste sozietate batzuekin dituzten harremanetan ageri diren aztarna egiaztatuetatik ondorioztatzen ote den helburu merkantilaz bestelako helburua dutela. (…)askotan, sozietate merkantil guztien oinarria, hau da, irabazteko asmoa, hautsi egiten da, eta etekinak, kudeatzeko ahalmena eta abar besteri ematen zaizkio, itxuraz trukean ezer jaso gabe". Alegia, zertarako muntatzen da euskarazko egunkari bat aurretik jakina bada dirurik ez duela emango, eta are zergatik ematen dio dirua jendeak trukean irabazirik ez duela izango jakinda, ez bada helburu ezkutu bat lortzeko?, pentsatu epaileak. Ezin ulertu du, edo ezin eraman du, euskararen etorkizuna bermatzeko eman beharreko urratsetan dirua ez dela egitasmoak abian jartzeko tresna baino. Eta gero, guardia zibilak galdeketetan harrituta geratzen ziren: "hedabide bateko administrazio kontseiluko kide zara, eta ez duzu pezetarik jasotzen?". "Ez". "Orduan zergatik hartzen duzu ardura hori?". "Nire nahia euskarazko egunkari bat egon dadin delako, nire hizkuntza delako euskara…", erantzuten du dar-dar batean atxilotuak. Amaitu dira galderak. Bizkarrean, itauntzaile batek besteri zera esaten dio: "morroi hau babu hutsa da". Albisteak joan eta drama geratzen da Egunkariaren ixtea, atxiloketak, miaketak, torturak, epailearen ebazpena, langileon salaketa, eragile politiko, sindikal, sozial, kultural eta gainontzeko guztien erantzuna eta sostengua… Hori dena hedabide gehienek jaso zuten otsailak 20 hartan bertan, eta hurrengo asteetan ere. Baina egunak igaro hala albiste izateko aukerak ere alde egiten du eta orduan drama geratzen da: bihotz hautsiak, babesgabetasun sentipen izugarri bat, negarrak, zalantzak, amorrua. Kafe mikatzak, eta zigarroak bata bestearen atzetik. Eta, kale gorrian gaude lanik gabe, baina lan mordo bat dugu egiteko. Eta atxilotuak torturak salatzen ditu komunikabideen aurrean, eta titularretan jasotzen da tratu krudelaren berri. Baina kamarak eta kazetariak alde egiten duenean torturatuak torturatu izaten jarraitzen du. Elkartasuna Gu egunkari txiki bat ginen, milaka lagunek jarritako diruari esker orain hamahiru urte sortua. Txiki ginen, egitasmoa apala zen, baina duina, eta urteak aurrera gero eta hobea. Gure mundutxoa genuen, eta horregatik harritu gintuen Donostian egin zen manifestazioan bildu zen munduak. Eta jaso genuen txalo eta sostengu zaparradak. Gure txikitasunean handiak ginela ohartu ginen, nahiz eta Egunkaria itxi eta gero izan. Jendea trumilka iritsi zen Martin Ugalde kultur parkera otsailaren 20ko goizean. Denak laguntza eman nahian. Herri batzordeak bere kabuz sortu ziren inork ezer esan beharrik gabe eta gu konturatzerako abian zen izugarrizko zurrunbilo bat eta zurrunbilo horri esker, zutitu eta egin genuen aurrera. Egunkaria aurrera. Nor ez da Joseph K.? 2003ko otsailak 20. Goizaldeko ordubata. Joan Mari Torrealdai eta emaztea buila, zalaparta eta zarata artean esnatu dira. Etxeko eskailera burura iristerako, dozena bat guardia zibil dituzte argi infragorrizko armekin apuntatzen. Nahastuta behar dutela egon esan die Torrealdaik, etxez erratu direla. "Zu al zara Joan Mari Torrealdai Nabea?", entzun du, gora begira dituen foko eta gizon armatuen artetik. Xabier Oleagaren etxea miatu dute. Janzteko agindu diote, badoazela-eta. Oleaga kaleko arropa janzten hasi da bizkarrean guardia zibil batek armaz apuntatzen diola. Akusazioa hain burugabea eta absurdoa iruditu zaio biharamunean etxean izango dela sinistuta dagoela. Arropa txukunegia aukeratzen ari dela iruditu zaio, aldiz, zelatan duenari, eta buru dabilenaren bila joan da. "Arropa erosoa janzteko gomendatzen dizut. Egun batzuetako kontua, gutxienik, izango da", esan dio Oleagari. Ondo daki, antza, atxilotuei zein infernu datorkien gainera. Atxilotuek, aldiz, ez dute sumatu ere egiten. Nork pentsatu atxilotuko zituztela? Are, krudelki torturatuko zituztela? Salbuespenezko neurri guztiak jarriko zitzaizkiela gaizkile handi eta arriskutsuenen pare? Txema Auzmendi Del Olmo epailearen bulegoan sarrarazi dute:
Non dago egia? Non dago gezurra? Urriak 21, eguerdi ingurua. Joanmari Larrate azkena izan da Del Omo epailearen aurrean deklaratzen. Kalean da lagunak besarkatu eta besarkatu. Buruan du bueltaka oraindik epaileak deklarazioan egin dion azken galdera. Bi orduz erantzun eta erantzun aritu eta gero, bukatu dela dirudienean, Del Olmo epailea, eskuak mahaiaren gainean jarri, besoak tenkatu, eta zutik jarri da. Ahotsa goratu du: "Larrarte jauna, esaten ari zaren hori guztia paperetan dago. Baina zer dago paper horien atzean?". "Esan dudana dago. Atzean imajinazioak eman dezakeena baino ez dago". Gezurra ari du. Gezurra ari du. Literatura Erantzunak#1. besarkada bat... liburua erosi eta irakurriko dugu!iñaki olano ¦ 2004-02-19 ¦ 10:58Telebistan ikusi zaitugu gezur eta injustizian oinarritutako amesgaiztoarena kontatzen. #2. Ekitaldia AndoainenEgunkaria-ko langile ohiak ¦ 2004-02-19 ¦ 12:31Gaur jakin dugu Juan del Olmo epaileak beste lau hilabetez luzatu duela Egunkaria-ren itxiera. "Delituzko jardunak jarraitzeko arrisku faktoreak ez dira desagertu", arrazoitu du auto berrian. GEZURRA ARI DU Gogoratu bihar betetzen dela urtebete Egunkaria itxi zutenetik; operazioan atxilotutako Iñaki Uriak eta Xabier Alegriak kartzelan jarraitzen dute. Guzti hori salatzeko, ekitaldia egingo da bihar arratsaldean, 18:00etan, Martin Ugalde Kultur Parkean. 2003ko otsailaren 20an eta ondorengo hilebeteetan Egunkaria-ri babesa eman dioten eragile guztiak biltzea da langile horien helburua. Guztiok zaudete gonbidatuta. Eguerdian ere, 12:00etan, kontzentrazioa egingo da Donostiako Bulebarrean, azkeneko hilabeteetan bezala. #3. Bederatzi argitaldariren artean egindako liburuaSustatu ¦ 2004-02-19 ¦ 15:24Lorea Agirrek idatzitako Gezurra ari du liburuaren edizioaz bederatzi editore arduratu dira. Joxe Azurmendiren hitzaurreak eta Iñaki Uriaren hitz-atzeak osatzen dute Agirreren lana. Gertakari tamalgarri haiez liburua egingo zela jakinda, elkartasun adierazpena egin nahi zuten editoreek. Honakoak dira:
Liburuak itxieraren atzeko kronika kontatzen du 200 orritan. Hamabost atal ditu, erreportaietan banatuta. Auzi judiziala azaltzen duen hiztegia, eta egunez eguneko kronologia bat ere badauka. #4. Liburu ederra daM.K. ¦ 2004-02-19 ¦ 15:29Liburua Berria-ren harpidetza sailaren bidez eskatu dugunek dagoeneko esku artean daukagu. #5. Eskerrik asko, LoreaLurra ¦ 2004-02-20 ¦ 20:49Eskerrik asko "Alzheimer"-ren aurkako zeure botika honengaitik, justiziaren aldeko aldarrikapen honengaitik eta pertsona miresgarri horien guztien (Txema, Joan Mari, Pello, Iñaki,...) izenari euren duintasuna bueltatzearren. Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Egunkaria Libre!Euskaldunon Egunkariaren kasuko lehen epaiketa abenduaren 15ean hasiko da Madrilen, Entzutegi Nazionalean. Epaiketa hasi bitartean kasuari buruzko argipenak agertuko dira hemen, eta behin hasita, jarraipena egiten saiatuko gara. Kasuko FAQ edo galdetegia. Albiste gehiagoegunkaria-libre gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|