Teknologia albisteak
4

Atxaga Nobel Sarirako

Erabiltzailearen aurpegia
Ostiela - -
2004-02-12 : 10:02

Orain gutxi Berrian eta Garan argitaratu dute Jon Aranoren "Atxaga Nobel sarirako" artikulua. Sustatura zuzenketa edota aldaketa batzurekin iritsi zaigu. Aurreko albiste batean jardun dute gai honen inguruan. Hona hemen artikulua bere osotasunean.

"Susa" aldizkari zaharren batean aspaldi hitz egin zen, besteak beste, literatura hemen benetan bizi egiten dela, eta aspaldi idatzi zen era berean aldizkari zendu hartan ere euskal literatura salbaturik legokeela Nobel Saria bereganatuko balu. Urliaren eta Sandiaren bi esaldi horiek beste hainbatek ere esan zitzaketen edo esango zituzten lehenago, ordu hartan eta geroxeago. Idatzi honekin proposamen apal bat egin nahi genuke: urteak pasatuta iruditzen zaigu badela garaia gure idazle ezagunena, Bernardo Atxaga, Nobel Sarirako hautagai izateko aurkezteko edo izendatzeko (eta beharbada ez gara izango irudipen hori dugun bakarrak, konparatu gabe esaterako suaren edo gurpilaren aurkikuntza munduko toki oso desberdinetan aldi bertsu samarrean gertatu zen bezala).

Hogeitabost urte egin ditu idaztera emana Atxagak. Bere lehen lan literarioak 70eko hamarkada hasieran argitaratu ostean, "Panpina Ustela" aldizkaria sortu Koldo Izagirrerekin batera eta abangoardiako poesia egin zuen segidan, "Ziutateaz" eta "Etiopia". Izagirreren hitzetan, beronek antologatu "XX. Mendeko Poesia Kaieretan" dio: "Esperantzaz �eta baita xalotasunez ere� beteriko garai hartan argitaratu zuen bere kasa Bernardo Atxagak liburu txiki, eder, eszeptiko eta ironiko bat, Etiopia. Kritikak jaramon handirik egin ez bazion ere, eragin berezia ukan behar zuen gerora obra hark, esan bailiteke gure egungo poesian dabilen joeren aniztasuna eta noranahiko asmoa, ahalegin pertsonal hari zor zaizkiola". Gauza eder askoz gehiago ere badio Asteasukoaren lan poetikoaz, sari eta errekonozimendu gehixeago ere merezi lituzkeen Koldok.

Baina poesia liburu gehiago sortu arren (*Henry Bengoa Inventarium, Poemas & H�bridos, Nueva Etiopia*, e.a.), jardun poetiko soilean ere ez zen geratu Bernardo eta jenero guztiak landu ditu geroztik: haur literaturan obra gogoangarriak idatzi ditu, diskografian ere hainbat kanta ezagun, antzerkigintzan inkurtsio berritzaileak, irratirako gidoiak eta zer ez; baina, ezagunago "Obabakoak"-arez geroztik egin bazen ere, ez zuen etsi gerora. Asteasuarraren lan garrantzitsuenen artean, "Behi euskaldun baten memoriak", "Gizona bere bakardadean", "Zeru horiek", "Sara izeneko gizona", "Groenlandiako lezioak" eta "Hitz beste eginez". Esan gabe doa hamaika hitzaldi, artikulu, elkarrizketa, e.a. eder ere eman dituela, halako hiztun eta ekilibrista ona izaki.

Orain arteko marka guztiak hautsi dituena, ordea, "Soinujolearen semea" izan daiteke. Bere aurreko liburu guztiak hartzen ditu, nolabait, bere baitan. Obra-lan dentsoa eta poetikoa da. Bi hilabete eman ditugu berori irakurtzen eta hausnartzen, atzera eta aurrera ibili gara, baina hasieratik harrapatu gaituenez, azkenean amaierara iritsi gara. Txundiduratik ez garela askatu esango genuke, halere. Jakitun gara hitzen botere magikoaren jabe dugula asteasuar sarrailgina eta bere sorginkeriatik ez garela berehalaxe libratuko: eleberri honen irakurketa berriak proposatuko dituztelakoan eta egingo ditugulakoan gaude.

Parabolaren eta metaforaren maisu honek esan bezala, ikatz koxkorra eta egur pusketa kixkalia ez dira gauza bera, gauza bera izan ez ziren bezala Obabako lehen amerikanoa, eraila, eta Pirpo eta Txanberlain, hiltzaileak. Egurra partitzen du ezker-eskuin, eta pozik gu: ikaragarri identifikatu gara pertsonaje batzuekin eta egin duen idazketa, deskribapen eta "endredu" guztiarekin. Garbi daukagu (des)memoria eta azken gerra zibila arakatzen aritu dela, eta joandako mundualdi baten kontaketa hutsari soilik ez zaiola lotu oraingoan, baizik eta oraindik puri-purian eta enpaztu gabe daukagun konfliktoaren zauria garbitzen-edo saiatu dela. Gerra-gerra osteak, 60-70ak eta geroztikakoak ere maisuki kontatu dizkigu, memorialistikoak izan litezken jakiekin, baina aldi berean denontzat ere nahiko komunak diren alegiekin. Pizkundeko suaren amatatzea gerrako hilketekin, 60-70etan berriro euskal gauza pizteko deliberoa eta gerorako egur pusketa erdi-kixkaliaren ke beltzarenak eta beste torturenak berriro irakurtzea merezi dute.

Oraingoan busti da eta maitasuna dario poro guztietatik.Gure hizkuntzari, hitz ederren distirari ("listaria", eta beste mila...) eta gure jendeei (bai eta nekazari zoriontsuei eta euren hizkerari ("mitxirrika", e.a. e.a....) dioen maitasuna aitortu diolakoan gaude, liburuaren objektu edo subjektu bihurtzen baititu/baikaitu eta amodioaz gain, gorrotoa eta sexua eta beste ere konjuratu dituela begitantzen zaigu. Bakarka ere ez gara guztiz eta komunitate bereko kide izatearen zentzu eta traszendentziaz ere aritu da Bernardo. Bere hasieretako idazlanen bat edo beste edo garai bateko "bere posizioa" ulertu ez bagenuen ere, zalditik (edo astotik) erori ginen eta duela dezentetik gara konbertso eta atxagazale, are gehiago bere idatzien kalitatea dastatu, pertsona ezagutu eta bere konbertsazioa entzunaz geroztik. Hizkera jasoagoa darabilen arren, horixe barruntatu dugu aspalditxo honetan, gu bezalako beste euskaldun bat dugula Bernardo, beste adjektiborik ez genioke jarriko, zoragarri idazten duen idazlea, ulertzen duguna, gure hizkuntzan hitz egiten diguna...

Idazle bikainak bat baino gehiago izan litezke gure literaturan, baina idazle apartenetakoa izateaz gain, Bernardoren idazlanak hizkuntza askotara itzuli dira. Eta gehiagotara itzuliko da azken liburu puska hau. Bigarrengo edizioan da Soinujolearen semearena, 10.000 aletik gora salduak. Laster gazteleratuko omen da eta orduan izan litezke komeriak: susmoa dugu Espainian lehenbiziko aldiz egurra emango ote dioten. Gernika gehitxo aipatzen du eta, gure hiri santu eta martiria gorri eta separatistok suntsitu genuela dioen liburutzarra oso eskura daukagunez, Bernardok esan bezala hori gezurra dela esan behar dugu behin eta berriro, bestela laster esango baitute berriz gutaz guk gure aurrekoetaz esan ohi duguna: hil zirela eta guk hil genituela.

Berak aitortu bezala, turko-bururik ez dute karpetobetonikoek euren kostetan. Euskaldun gehienak gara konforme ez garen ia bakarrak. Eta "kritikak" eta "ofizialek" larrutu dezakete oraingoan Asteasuko semea, zeren euskaldunon diskurtsoa lodia da eta ez-komenigarria (hasi dira dagoeneko: Madrilgo prentsan Atxaga "ia desagertutzat" jo dute, bere argitalpen bat iragartzean!!!). Baina beste 10.000 saltzen baditu Espainian egur zaparrada guztia jaso bitartean, agian irabazi du, Medemek bezala, eta guk ere irabazi dugu: behin gurea ere baden gazteleraz (euskaldunok gaizki hitz eginiko erromantze horretan), hemendik urte betera bizpahiru hizkuntzarik ezagunenetara bihurtua izango da eta urte bietara edo hirutara unibertsaldua. Gernikakoaz geroztik, agian atzera jabetuko dira munduan zer nahi duten edo zertan diren euskaldunak.

Nobel Sarirako proposamen apal hau hortik eta hara doa: Iberian, euskaldunon lagun, kataluniar batzuk, portuges, espainiar eta galego bakar batzuk besterik geratzen ez zaizkigunean, eta munduan zehar indio eta gisako alderrai gutxi batzuk, errebisionisten eta frankismoaren nostalgikoen garai hauetan, kasik patriarkarik inortxo ere ez dugunean (Joxemiel Barandi ukiezina beste mundura joana, oraintsu bidali nahi izan dute Arestirengana eta U-galdu Martin...) eta idazle zentsuratu eta onik bai erbestean sarri, Garzon bat �bere "literaturagatik"?-- Nobel Sariren baterako nominatu eta guzti izan duten honetan, zer egin behar da Bernardo Atxaga (edo Joxe Irazu) Literatur Nobel Sarirako hautagai izendatzeko?

Badakigu ez dela erraza izango, hor ere politika kontuak izango direla maizenik, "maizena", ogia, lana eta pentsua ez, baino txuletak, mokofinak, urdail eskertuak eta influentzia-trafikoak ibiliko direla seguruenik tartean, baina nonbaitetik hasi litekeela uste dugu: Joxe Irazu Nobel Sarirako izendatzea hemen eta munduan apoiatuko duten kulturako jendeen zerrendak egiten has gaitezke. Besteek euren buruari konstituzioak e.a. ematen badizkiote, guk ere zertxobait opa diezaiogun geureari eta ados edota atres jarri gaitezke zerbaitetan bederen. Obabak dagoeneko unibertsala izan behar du, pentsa: sehaska kanta bateko hitza, zein euskaldun ez dago horrekin ados?

Eta Obaba-herriko Misterra urteetan eta urteetan hautagai kandido eta eternala izanik ere, azkenean saria ematen ez badiote/badigute ere, ez da berdin-berdina izango, baina ez izan kuidadorik, parabolikoak ez luke basoa tapatu behar, baizik eta Euskal Liluratura izeneko izozmendiaren punta behinik behin ikusi ahal izan beharko litzateke munduko zenbait tokitatik. Eta hori bakarrik, ez al litzateke ona izango?! Nobel Saria Atxagari irabaziko balu/bagenu, berriz, paper ona beteko lukete bai Bernardok bai eta euskal literaturak ere. Eta gure hizkuntza/kultura, daukagun gauza preziatuena, salbatuko ez balitz ere, ezagutzera emango litzateke. Euskarazko literatur tradizioa eta sorkuntza, ele berriak mundura! Atxaga etxerako eta Nobel Sarirako, Nobel Saria Atxagari!

Jon Arano (idazlea-edo)

Erantzunak

Literatur Aldizkarien Gordailutik
2004-02-12 : 11:20

Susa zahar hura irkakurtzen hasi, eta bai, kontua da 1982ko apirileko zenbakia osorik Bernaro Atxagari eskaini ziotela Susakoek.


Holan arrazoitu zuten egindakoa:


Eske gu ere laostia gaituk: Kritikarik ez dagoen Susal Herri honetan gaztaroaren ederrenean bizi den hogeitamar eta piko urtetako moñoño hau hartu eta epaitu diagu.


Ez, ez diagu barkamenik.


Nola esplika daiteke Usurbil, Zarautz edo Donostiakoa ez den norbaiti buruz ezer esatea? Asteasun edo Andoainen ezagutzen ez duten baten berri ematea?


Nola uler daiteke lau txorrada idatzi dituen bati SUSA osoa eskaintzea? Ze garbi dago aldizkari oso bat betetzeko frailea edo apaiza izan behar duela elkarriztetatuak, zaharra ahal bada, eta interes arkeologiko minimo bat duena.


Pott egin, bapo jarri eta paotxakin siestan dagoen potxolo hau nori zaio ajola? Ez al da interesgarriagoa, konparazio batean, Barojaren basquismoa, edo Barojaren errealismoa? edo euskal Baroja eta nobelaren etorkizuna? edo Baroja eta UZEI? edo Barojaren Baroja? Pio, Pio, Pi.


Aldizkari osoa Interneten dago: Susa


Jozulin
2004-02-12 : 13:59

Gazte nintzela irakurri nuen lehenengoz Atxaga. “Etiopia” zen liluratu, hipnotizatu ninduen liburu hura. Harrezkero sarritan berirakurri dut, edo berrentzun Super Ruperren ahotsean (Berandu dabiltza...). Gero etorri ziren liburu gehiago. Ikaragarri ederra bat: “Bi anai”; Ederrak beste batzuk: “Behi euskaldun baten memoriak”, “Gizona bere bakardadean”... Geroago etorri zen “Obabakoak” eta euskal literatura jalgi zuen mundura. Ez inori ezer esan baina ez ninduen guztiz asebete, agian izango zen ipuinetako batzuen bertsio zaharragoak irakurrita nituelako. Ordutik urteak joan dira eta, poesiazkoak izan ezik, alboratuta-edo izan ditut Atxagaren liburuak ; nolabait esateko, hipnosia etenda geratu zen. Ezin izan dut “konektatu” Groenlandiako lezioekin, adibidez...

Baina, hara non, “Soinujolearen semea” dakarren besapean oraingoan Atxagak. Eta berriro sorgindu nau, eta beste mundu batera eraman nau, eta, aspaldiko partez pena eman dit liburua amaitzeak. Eta pena bi aldiz, esana duelako Bernardok ez dela berriro Obabara itzuliko, eta gu Obaban gara zoriontsu, Obaban zoriontsuak gara. Horregatik astindu modukoa hartu nuen Jon Aranoren artikulua irakurtzean. Eta begitandu zitzaidan ez zela “boutade” bat, benetan ari zela, arrazoi osoz. Liburuak, eta oro har Atxagaren obrak, Nobel delakoa merezi duelakoan nago. Ezjakina naiz, ordea, irakurle soil-soila, Atxagaren hizkuntzaz, munduaz, poetikaz, maitemindurik. Ezjakina naiz, halaber, mota honetako ekimenak nola, nork, etab burutu behar diren. Erantzun.

markos zapiain
2004-02-16 : 12:03

Kontuan hartuta espainolek, fransesek, ingelesek, alemanek, amerikako estatu batuek, italianoek eta abar gizen batek zelan popatik eman diguten behin eta berriro hogeigarren mendean, zentzuzkoa da apur bat eszeptikoa izatea horrelako ekimenekin.



Hala ere, nork daki, argiagoa izango zaigu apika XXI. mendea. Alde batetik, garaiz gaude oraindik Nobel Sariaren eskaera Ibarretxe egitasmoan sartzeko, eranskin gisa besterik ez bada ere. Bestetik, Demoen, Desobedientzialarien eta Giraldillen ekintzen tankerakoak antola ditzakegu Estokolmon. Azkenik, Frantziako Itzulian, Auñamendin, Ikurriñak beharrean guztiok "Nobela Atxagari" fosforito laranjaz astindu eta astindu.



Horrela bai, lortuko genuke Nobela ziur aski, baina ordurako Atxaga Winnipeg-en legoke ezkutatuta, edo Iruaingo zulo berriren batean.



Hain zuzen, Hirua da Soinujolearen zenbaki madarikatua, Biari Lau (Magische Quadrate) bilaka dadin eragozten baitio.



Bikotea Laukote bilaka dadin eragozteko, bada beti atezuan hirugarren bat: David eta Virginiaren aurka Teresa, edo Virginiaren senar ausentea, edota Historia. Hirugarrenak maitasun harremanak oztopatzen ditu.



Era berean, Komarovek, Davidek eta Josebak osaturiko taldea: Toshiro integratu izan balu, The Beatlesen antzeko komando musikari bat bilakatuko zatekeen. Aldiz, hirutasunari eusten dionez, ezin du gainditu heavy metal eiteko astuntasuna, eta berehala amiltzen da erruan, traizioan, damuan.

Javatik
2004-02-17 : 22:00

Nik Pramoedya Ananta Toer idazleari ematea nahi nuke.
Sinpatikoa iruditzen zait, begira bestela Linterna Gorrian zelan agertzen den.


Ez al zaizue jatorra iruditzen?


Eta orain marmarka hasiko zarete demokratak... literatura eta Euskal Herria ez ditugulako nahastu behar.


:-)


Erantzun

Sartu