Teknologia albisteak
111

Egunkaria Guardia Zibilak hartuta, eta hainbat lagun atxilotuta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-02-20 : 09:02

Euskaldunon Egunkariaren Andoaingo egoitza, eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñea hiriburuetako bere egoitzak Guardia Zibilak hartuta. Martxelo Otamendi zuzendaria eta beste hainbat lagun atxilotu dituzte.

(Azken ordua:17:20) Xabier Lekuona: bihar kalean izango gara. Oraindik ez dakigu zein izenekin aterako garen. Legezkoa da oraindik Egunkaria marka, kontrakorik inork ez baitigu adierazi, baina izena arazo balitz, beste marka batekin aterako gara. Euskaldunon Egunkaria erreferente da Euskal esparru komunikatiboan eta izango da!

(Azken ordua:17:08) Pello Zubiria: duen osasun egoera larria da. Daukan gaixotasuna izanda ere medikamenduak hartzen ere ez diote utzi. Etengabeko medikazioa behar du eta elikatzeko modu zaindua Horrelako egoera bat jasateko zailtasunak izango ditu.

Euskaldunon Egunkariaren Andoaingo egoitza, eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñea hiriburuetako bere egoitzak Guardia Zibilak hartuta. Martxelo Otamendi zuzendaria eta beste hainbat lagun atxilotu dituzte.

Oraingo zuzendariaz gain, beste hauek ere atxilotu dituzte:

  • Joan Mari Torrealdai, Jakin aldizkariko zuzendaria eta Egunkariako administrazio kontseiluko lehendakaria.
  • Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkaria.
  • Fermin Lazkano jerente izandakoa.
  • Xabier Oleaga, zuzendariorde izandakoa eta Ikastolen Elkarteko komunikazio arduraduna orain.
  • Pello Zubiria zuzendari izandakoa, eta Argia aldizkariko kazetaria.
  • Txema Auzmendi, Herri Irratiko zuzendariordea.
  • Luis Goia, bazkide sortzaile izandakoa
  • Xabier Alegria

Beste atxilotu bat (10:22) , Inma Gomila. Bitartean Andoain Guardia Zibilak hartua dago. Patrolak eta Guardia zibilak Egunkariako edifizioaren teilatuan.

Sarean, egunkaria.com domeinuan ez da ageri Egunkaria. Konexioak huts egiten du. Joan Mari Torrealdaik zuzentzen duen Jakin aldizkariaren gunea ere, Jakingunea.com ez dago irisgarri.

Miaketak, Egunkariaren egoitzez gain, Ikastolen Elkartearen egoitzan (Donostiako Anoeta auzoan) eta etxe partikularretan izan dira edo izaten ari dira.

Bilboko eta Iru–eko egoitzak zigilatuta. Egunkaria.com eta lotutako beste gune batzuk ez dira ageri sarean. ( azkena 15:00)Euskalgintza, politika, sindikatu... eta abarrekoen hainbat adierazpen oraintxe jasoak

(Azken ordua 14:33) Zapatuan MANIFESTAZIOA egingo da Donostian itxialdi honen kontra. Horixe erabaki dute Andoinen batu diren sindikalistek, politikariek eta euskaltzaleek. Horixe adierazi du Xabier mendigurenek.

Manifestazioa arratsaldeko 5etan izango da Donostian. Antiguo-Bulebar izango da ibilbidea.

Eguneraketa, 11:22: Euskaldunon Egunkariako Zuzendari ordeak esan duenez, orain buruan duten gauza bakarra bihar Egunkaria kalean izatea da. Ahalegin guztiak egingo dira, Xabier Lekuonak Euskadi Irratian esan duenez.

(Eguneraketa 11:34) Jakin aldizkarian sartu da Guardia Zibila, oraintxe Radio Euskadin entzun dudanez. Egunkariako langileak lanean hasi dira, bihar egunkaria karrikan egon dadin ahaleginak egiten. Zuzendari ondokoek eta arduradunek telefonoak interbenituta dituzte.

(eguneraketa 12:00etan )Argiako lagunek esan digute beraien egoitzan ere sartu direla. Beraiek bidalitako gutuna irakurri dezakezu azpian.

(Eguneratua 12:40) Goienako langile guztiok kale agerraldi bat egiten egon gara eta oraintxe heldu gara berriz lanlekura. Gaurko notizia Egunkariari egin diotena da eta horixe jorratuko dugu egun guztian.

Berriak, jakin ahala, erantzunetan eta tarte txiki honetan ere emango ditugu.

(Azken ordua: 13:39 ) Azkarraga justizia kontseilariak egin ditu adierazpenak Bruselatik: Juezek berba egin dezatela eta ordura arte isil dadila Jose Maria Michavila Justizia Ministroa. Aski da!

Erantzunak

Asto Rider
2003-02-20 : 09:31

Euskadi Irratiak esan berri du Bilboko Egunkaria-ren bulegoak zigilatuta itxirik utzi dituela Guardia Zibilak.


Ez dakit atxiloketekin zer ikusirik duen, baina oraingoz ez dut lortzen Egunkaria-ren webgunera sartzerik.


Ina
2003-02-20 : 09:40

< Irratiak esan berri du Bilboko Egunkaria-ren bulegoak zigilatuta itxirik utzi dituela Guardia Zibilak.



Irratiren batek esan omen du Txema Auzmendi administrazio kontseiluko kidea ere atxilotuen artean ote dagoen. Aixkireok, eutsi erauntsi honi ere! Euskaldunak izate hutsak min egiten die eta! Bertako langile eta laguntzaileoi pazientzia, adorea eta elkartasuna, noski.



Asier Ibaibarriaga
2003-02-20 : 09:47

Nire elkartasuna adierazi nahi diet Egunkariko langile eta lagun guztiei. Hor izango gara kaleetan elkartasuna adierazteko!!

Gotzon Barandiaran
2003-02-20 : 09:57

Berba egitea galazotzeaz ganera, leidutea be galazo gura doskue, ikustea, pentsatzea, sentitzea, izatea galazo gura doskue. Ni neu eutsiteaz kokoteraino nau, ezer konponduteko ahalegine egin eta mailetute kokildu beharraz. Euskaldunok euskeraz zer leidu barik utziko gaitue eta bitartean komunikabide espainol eta soldatapekoek kafesnetan buzti eta iruntsiteko gezurrak kikaratuko deituez egunero, babes eta inpunitate guztiegaz. Egurre emoten hasten ez bagara hemen ez dau zer eginik.

Anboto Durangaldeko astekaria
2003-02-20 : 10:06

Bihar ezingo dute Euskaldun Egunkaria kaleratu. Hamahiru urteko etengabeko ibilbidea geldiarazi diete. Bere egoitza guztiak itxi ditu guardia zibilak Juan del Olmo, Auzite Nazionaleko epailearen aginduz.

Euskal prentsan jarduten duen behargin honek ere, elkartasuna adierazi nahi dizue guzti-guztioi.

Joxe Aranzabal
2003-02-20 : 10:26

Ospitalera joan aurretik bi gauza egin nahi ditut: nire haserrea azaldu, ez dago-eta eskubiderik horrelako astakeriak egiteko. Eta elkartasunik beroena erakutsi atxilotuei eta haien senitartekoei. Eutsi goiari eta, zu Pello, zaindu bereziki. Besarkada bat.


Jon Abril
2003-02-20 : 10:44

Ezin dut nire amorrua gorde. Ezin dut ixilik egon. Nire lehenbiziko lantokia izan zenari, hainbertze lagun, irakasle, adiskide ditudan egunkariari egin dioten erasoa ezin dut onartu.

Nik webgunean sartzea lortu dut, baina sakeleko telefonoa ezin erabil dezaket, ez deiak hartzeko, ez deiak jasotzeko ere. Eta berdin gertatzen zait nire lankideetako batzuekin solasten saiatzen banaiz.

Gaizki pentsatzen hasita, nire inhabilitazioa abiarazi zuen epaile berak eman du Egunkariaren aurkako urratsa. Eta gaizki pentsatzen hasita, nire aurkako autoetan Egunkariako kolaboratzaile eta langile ohia nintzela erraten zutenean, ETAko egunkaria zela erraten zuten.

Ez da goiari eusteko unea, aitzinera jotzeko unea da. Herri hau ezin uler dezakegu euskarazko egunerokorik gabe. Ez bederen orain, 12 urte geroago. Ez gaituzte isilduko. Ni, bederen, ez naute isilduko.



Don Federico Jimenez Losantos
2003-02-20 : 10:56

Kaguenla!!!!!!



Ze ostia da hau? Egunkaria itxita. Euskarazko periodiku bakarra itxita. Espainian denek txalotuko dute erabaki hau. Zer egingo du EAJk?



Gai izango al gara Egunkari berri bat sortzeko? Aterako al da bihar zerbait, Eginek Euskadi Informacion atera zuen bezala?

Jon Abril
2003-02-20 : 11:16

Zer ez dakit, baina Xabier Lekuona zuzendariordeak Euskadi Irratian erran du, zailtasunak zailtasun, gaurko erronka, Egunkaria bihar kioskoetan izatea dela. Eta Xabierrek erran badu, zer edo zer, bihar kioskoetan izanen da.

Nontzeberri.com
2003-02-20 : 11:19

Komunikabideak ixtea antzezlan klasiko bihurtu da dagoeneko. Oraingo honetan Egunkariaren zarratzea programatu digute Madrilen. Bederatzi aktore nagusi eta oihala lehenbailehen eraitsi beharra.

Kultura atari honetatik ere elkartasuna!

Joserra Beloki
2003-02-20 : 11:20

>Egurre emoten hasten ez bagara hemen ez dau zer eginik.



Egur klase batek ekarri du, nire ustez, inpunitate klase hau.

Egur klase bat, batez ere (eta besteak beste) herri mugitu honen desmobilizazioa ekartzen ari da.



Ni, Asier bezala, hor izango naiz kaleetan, eta ahalik eta herri-jende gehienarekin egon nahi dut.

Ni, Jon Abril bezala ere amorruz nago, eta ni ere ez naute ixilduko.

Areago, gaur goizetik hasi naiz mugitzen nire aletxoa jartzen (kartelak kalean jartzen, eta nire lankideen artean informazioa banatzen).



Mugi gaitezen; jadanik; erne egon gaitezen; ahal dugun neurrian parte har dezagun; erantzun erabatekoa eman behar dugu.



EAJ inguruko euskaltzaleei eskaera berezi bat: mugi zaitezte, eta presioa egin ezazue, ahal duzuen neurrian, goitik ere erantzun ahalik eta betekoena eman dezaten, epelkeriarik gabekoa.



Eta Federico Jimenezi: ez dute itxiko Egunkaria; behar den guztia, guztia, inteligentziaz eta era antolatuan egin dezagun, burutik ere pasa ez dakien airea bezala behar dugun egunkari ixtea.



Alberto Silva
2003-02-20 : 11:29

Aupa Jon... Egunkariaren barruan zer gertatzen ari den badakizula ematen duenez, mesedez, zerbait gehiago jakitekotan abisatu, ea bihar Egunkaria kioskotan izango dugun edo berriro ere euskara "klandestinitatera" pasako diguten...

Patxi Gaztelumendi
2003-02-20 : 11:31

Berba bakarra esateko: Aurrera!

Gauza bakarra egiteko: aurrera!



Egunkaria sortu zen, oztopo guztien gainetik. Biharko Egunkaria da lehentasuna orain, eta etzikoa!



Guztion artean egin dezagun hori, eta hobea ahal bada.



Bakoitzak eman dezala eman behar duen erantzuna.



Aurrera!



Euskaldunok papera behar dugulako, paper aktiboan herri honen egunerokoan.



Eta atxilotuei, nire elkartasunik handiena.



Patxi Gaztelumendi

Euskaldunon Egunkarian kazetari izandakoa

Iban Zaldua
2003-02-20 : 11:32

Hitzak higatuta daude, nonbait. Paralizatu egin nau astakeria berri honek (eta astakeria hitza bera hain dago higatuta…). Kirmen Uribek idatzi duen bezala: "Inperfektua da hizkuntza, higatu egin dira zeinuak / errotarri zaharrak bezala, ibiliaren ibiliz. Horregatik, / ezin da esan Maitasuna, ezin da esan Edertasuna, / ezin da esan Elkartasuna, ezin esan. / Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz. / Ahaztu egin da antzinako legea".

Dena dela, inperfekzio guztiak kontuan hartuta ere, hitz bakarra bururatzen zait une hauetan: Elkartasuna. Letra larriz, edo letra txikiz, berdin dio. Euskaldunon Egunkariarentzat.

Zerbait egin beharko dugu.

Jabi Zabala
2003-02-20 : 11:33

Ezin dut sinetsi gaur goizeko mailukada jo digutenik. Jonek bezala, nire lehendabiziko lantokia izan zena, hainbeste ikasitako lekua, hainbeste lagun eta lankide ditudan komunikabidea, bertan lanean hasi baino lehen ere, duela 13 urte ilusioz bultzatu genuen proiektua, egun kolaboratzen dudan EGUNKARIA... Derrepentean itxita.



Zer esan dezaket? Bada, nire laguntza guztia izango duela proiektuak kalean, sarean, gizartean jarrai dezan. Aurrera EGUNKARIA, aurrera euskal gizartea. Ez gaituzte ixilaraziko!

Xabi Lamikiz
2003-02-20 : 11:36

Argi zegoen Madrilekoak ez zirela Garzonen iazko erabakiekin konformatuko. Gure herri eta kulturaren kontrako hurrengo pausoaren zain egon gara eta hemen da. Eta orain zer? Legezkanpoko manifa bat, egur apur bat jaso, seguruenera polemika apur bat ere, eta aste batzuk barru dena ahaztuta eta hurrengoaren zain. Gureak egin du horrela jarraituz gero. Gure Jimenez Losantos maitearekin bat nator ni ere: zer ostia egingo du PNVak orain?

PD: Atzerrien daroat denporaldi bet ta gaur goixean interneten barriek ikusi dodazenean odola binagrea letxe parau jat. Gezun baten zeuok danok be honantza etorri behako zarie. Eztait eutsi gogor esateak zeozetako balioko dauen, baia eutsi gogor.

Haritz Rodriguez
2003-02-20 : 11:49

Lehenik eta behin nire elkartasun osoa Euskaldunon Egunkariko langile guziei, eta atxilotuei bereziki.



Aipatu, halaber, Egunkaria ez ezik inguruko beste zenbait proiektu ere bertan behera geratu direla (oraingoz, bederen), hala nola www.euskalerria.org guneko e-posta zerbitzua, zeinetan askok eta askok geure emaila baikenuen.



Urtetako lana suntsitu nahi dute, eta ia begiak malkoz josiak dauzkagun honetan, ukabilarekin ttantta eta mukiak alboratu eta aurrera egitea premiazkoa da, nola edo hala. Egia esan, ez du nere mingainak (ezta nere tekla gaineko hatzek) dantzarako gogo handirik, lau hitz hauek balio bezate beraz nere amorru eta minak azaltzeko. Besterik ez.

Haitz Rodriguez (kazetaria)

Gaizka Aranguren
2003-02-20 : 11:51

Une honetan, gure lan tresna guztiak, gure lan ordu guztiak, EGUNKARIAko arduradun eta langileen eskura paratu behar ditugu. Uneotan danok gara EGUNKARIA eta bihar karriketan behar dugu. 12 ordu ditugu biharko EGUNKARIA egiteko.

Xabier Lekuonari: nahi duzunerako gaituzu.

Denis
2003-02-20 : 11:52

AUPA Petxa, J. Eskisabel eta gure Egunkariako gainontzeko langileak... eta jabeak... eta bultzatzaileak... eta erosleak... eta irakurleak... eta euskaraz bizi nahi dugun guztiok...



Ez da goiari eusteko momentua, "goi" hori oso behean daukagu-eta.



Eta zuek, "jo, ke pasada" edo "baina zergatik...?" eta horrelakoak esaten zabiltzatenok, utzi zurikeriak alde batera eta ERANTZUN !!



Nola? Bada, Del Olmo eta Garzonen lagunak diren periodikuak EROSTEARI UTZIZ !!



Bai, bai, Errealaren eta Athleticaren entrenamenduen kronika luzeenak eta eskela gehien dituzten periodiko horiek EROSTEARI UTZI !!



Izan gaitezen serioak...



GORA EGUNKARIA !!

jose ramon egiluz
2003-02-20 : 11:57

Goizean goiz jaso dut Egunkariari eta Egunkariko langileei eta sortzaile zenbaiti gertatutakoa eta hemendik nire elkartasuna adierazi nahi diet eta bide batez bihar edo etzi beste egunkari bat kaleratzen badute, nirekin eta beste askorekin kontatzeko.

Komenigarria litzateke, hala ere, lehenbailehen Egunkariko zuzendaritzarekin eta langileekin harremanetan jartzeko helbideren bat bideratzea (elkartasun mezuak, laguntzeko eskaintzak, elkartasuneko manifestu bat idazteko atxikimenduak...)

Ea inork horrelako helbideren baten berri duen!

Aupa Egunkaria eta Egunkariako langileak!!!

Jon Abril
2003-02-20 : 12:04

Jakin aldizkarian sartu da Guardia Zibila, oraintxe Radio Euskadin entzun dudanez.

Egunkariako langileak lanean hasi dira, bihar egunkaria karrikan egon dadin ahaleginak egiten. Zuzendari ondokoek eta arduradunek telefonoak interbenituta dituzte (nirea sarearen matxura bat ei da, baina ez dut frogatzerik izan).

EAJ, EA, SA, LAB, ELA eta Elkarriko kideak Andoaingo egoitzaren atarian daude.

indymedia Euskal Herria
2003-02-20 : 12:05

Eraso bortitza dudarik gabe.
Adierazpen Askatasuna jo dute.


Guk gure aldetik, argitarapen irekia garen aldetik, gaur gure lan guztia (lan boluntarioa) Adierazpen Askatasunaren alde egingo dugu.


Gure atariko portada aldatu dugu, eta jendeak erabili beza, nahi duena idatzi, ikusitakoa kontatu, eta mobilizatzeko.


Adierazpen Askatasuna! gure oihu bakarra.


Indymedia Euskal Herria


M.K.
2003-02-20 : 12:09



> Ez dakit atxiloketekin zer ikusirik duen, baina oraingoz ez dut lortzen "Egunkaria-ren webgunera":http://www.egunkaria.com/ sartzerik.



Jakin ez dago sarean: Jakingunea.com



Egunero Tolosaldeko egunkaria ez dago sarean: egunero.info



Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua ez dago sarean: Kontseilua.org

Jon Abril
2003-02-20 : 12:14

Sare bat osatzeko asmoa dago, baina oraindik zeregin horretan dabiltza langileak. Euren zain egon beharko dugu. Asmoa herri guztietan laguntzarako taldeak sortzea da (informazioa helarazi, mobilizazioak antolatu...). Oraingoz ez da bertzerik prestatu. Jakin bezain azkar zabalduko dugu informazioa

Goienako Zuzendaritza Batzordea
2003-02-20 : 12:21

Euskaldunon Egunkariaren kontrako operazioaren aurrean Goienako zuzendaritzak honako hau adierazi nahi du:


Benetan larria iruditzen zaigula aspaldian euskalgintzako erakundeek jasaten ari diren eraso bolada amaigabea eta oraingo hau horren azken adierazlea dela.


Inolako epairik gabe komunikabide bat ixtea adierazpen askatasunaren aurkako ekintza justifika ezina iruditzen zaigula.


Gure elkartasuna adierazi nahi diegula atxilotuei eta beren senideei eta Euskaldunon Egunkariako langile eta irakurleei, eta euskarazko komunikabideak defendatzeko eta garatzeko ahaleginean elkarlanean jarduteko gure prestutasuna azaldu nahi diegula.


uztarria
2003-02-20 : 12:22

Hasteko, gure elkartasuna, amorrua, ...


Kuriositatez. Atzo, Martxelo Otamendi
Azpeitian izan genuen hitzaldi bat ematen.
Euskal Kioskoaz aritu zen, hutsuneak, apustuak...


Eta gaur, hau.


Mari Carmen
2003-02-20 : 12:27

Elkartasuna Egunkariako langile eta irakurle guztiei. Egoera hau zalatu egin behar dugu. Ez gaitezen ixildu !

Leire Lardizabal
2003-02-20 : 12:35

Venemerita Egunkariako teilatuan pasiatzen ibili zeneko eguna ez dut nahi etsipenaren beste pausu bat bezala oroitu nahi. Adierazpen askatasuna aspaldian arrastaka dabilen arren gaurkoa aspaldiko argazkirik eraginkorrena izan da. Nere euskal nortasuna indartzea besterik ez dute lortu, eta euskaraz bizitzen jarraitzeko bultzada eman didate beren eraso faxista honekin. Zurikeriaren gonapean ezkutatzen diren lotsagabeei erantzuteko garaia dutela errepikatuko diet berriro, sufritzen ari garen zirko hau ez dugula merezi. Herri honek hitz errazak baino ekintzak behar dituela. Euskara ahoan hartuta aurrera egin behar dugu diktadura honek zapalduko ez bagaitu. Animo Egunkariako langileei.

Alberto Silva
2003-02-20 : 12:35

El Mundo-n agertzen denez (http://www.elmundo.es/elmundo/2003/02/20/espana/1045734068.html), EAJk horixe bera dio, "euskara eta euskal gizartearen kontrako erasoa dela"...


Gilen Ormazabal
2003-02-20 : 12:38





Neu ere, zuek bezala, ikaratuta nago, astakeria berri hau ikusita. Lotsa eta burua galdu dute, dagoeneko ez dute inhibizio zipitzik ere. Honen aurrean aserre eta sumina da guztiok inbaditzen gaituen sentimendua. Erreakzioa, baina, zenbait eta adimentusago izan, hainbat eta eraginkorragoa izanen da. Zentzuz jokatu beharra dago, bai etxeko jendeari eta bai mundu guztiko jendarteko iritziari erakusteko zer nolako "zuzenbidezko estatuan" bizi garen, non gobernuarekiko bestiritzia sostengatzen duten hedabideak ixten diren, Konstituzio Auzitegiko Jarburuak gogoak ematen dizkion astakeriak ia kritikarik gabe egiten dituen ea.



Argi erakutsi eta aditzera eman behar zaio gizarteari klausura honek ez duela ikustekorik ustezko terrorismo delituen jazarpenarekin, herri eta kultura baten desgerrarazte estrategia batekin baizik. Estrategia honen kontra bide zibilizatuen bitartez, zentzuz eta zuhurki jokatu beharra dago, etsaiaren mesederako aritu nahi ez badugu, bortizkeriaren aitzakia baliatzerik izan ez dezan.



Gainerakoan, ez kezkatu. Gaitz handien ondoren, onura asko etor daitezke. Euskal Herrian badago eta egonen da ere nahiko indar gure euskarazko hedabideei eusteko, kosta ala kosta. Ez gaituzte suntsituko. Epe luzera agian indartzen gaituzte, nahi gabe.





Izan gaitezen bipil eta zentzudun!!!

Jozulin
2003-02-20 : 12:43



  • Oraingoan ere ez gara kapaz izango erantzun antolatu eta ganorazko bat emateko?

  • Ez du gai honek Euskalgintza osoa ados jartzeko nahikoa larritasunik?

  • Izan daiteke SUSTATU hurrengoa?

  • Noizko greba orokorra?

  • Noiz arte jarraituko dugu honela?

Aurrera Egunkaria!!


Topagunea Euskara Elkarteen Federaziotik
2003-02-20 : 12:46

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak-TEEF elkartasuna adierazi nahi die Euskaldunon Egunkariari,...



Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak-TEEF elkartasuna adierazi nahi die Euskaldunon Egunkariari, bertako langileei eta baita atxiloketa burugabe honek kaltetu dituen lagun eta erakunde guztiei ere. Atxiloketa hauen bidez Euskaldunon Egunkariari eta euskarari eraso zuzena egin zaiola uste du TEEF-k.



Bestalde, egoera honen aurrean TEEF-tik eman daitekeen erantzunik eraginkorrena euskararentzat esparru berriak irabazteko lan egitea delakoan dago federazioa. Izango ahal dugu bihar goizean Euskaldunon Egunkaria irakurtzeko aukera, eta euskarazko produktu bat dagoen tokian, bi eta hiru egon daitezen lan egitera dei egiten ditugu euskalzale guztiak.





TOPAGUNEA EUSKARA ELKARTEEN FEDERAZIOA



Komunikazio biziagoa SALeko administrazio kontseilua
2003-02-20 : 12:53

Komunikazio Biziagoa SAL ARGIA astekariaren argitaratzaileak jakinarazi
nahi du gaur goizaldean Euskaldunon Egunkaria‚ren aurka Guardia Zibilak egin duen operazioan
ARGIAko lankide Pello
Zubiria atxilotua izan dela. Hernaniko bere etxean hiru orduko miaketa
egin ondoren, ARGIAko
egoitza ere miatu dute eta bertatik, dakigunez, bi ordenagailu behintzat
eraman dituzte. Oraindik ere
miaketa egiten ari zenean, ARGIAko arduradunak iritsi dira egoitzara,
baina Guardia Zibilak ez die
eman miaketari buruzko inongo azalpenik. Miaketa lanak gidatzen zituen
ustezko epaitegiko
ordezkariarekin hitz egiten ere saiatu dira ARGIAko arduradunak, baina
ez dute inongo erantzunik
jaso. Komunikazio Biziagoa SALek salatu nahi du miaketa hau egiteko
erabili den prozedura, bere
zuzendaritzako inori ez zaiolako jakinarazi ez miaketaren zergatiez ezta
eramandako materialen
berririk emanez ere.


Pello Zubiria gaur egun ARGIAko zuzendaritzaren albokoa da eta
gaixotasun kroniko bat dela eta
bajan dago azken asteetan. Duela hilabete gutxira arte ARGIAko
zuzendaria izan da eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria ere izan zen bere sorreran.
Pello Zubiriaren gaixotasuna dela eta, etengabeko tratamendua behar
duela azpimarratu nahi dugu
eta bizi dezakeen egoeragatik biziki arduratuta gaudela. Salatu behar
dugu, halaber, Pelloren etxea
miatzerakoan Guardia Zibilak erabili dituen moldeak, bere etxea inguratu
eta gerra parafernalia
guztia erabili dutelako Pello bera eta bere familiaren aurka. ARGIAren
izenean gure elkartasunik
beroena agertzen diegu Pellori eta bere familiari.
ARGIAK jakinarazi nahi die iritzi publikoari eta, bereziki, bere
irakurle eta harpidedunei, ohiko
jarduerarekin ahalik eta normaltasun handienarekin jarraitzen dugula.


Euskarazko komunikazioaren, euskalgintzaren eta adierazpen askatasunaren
aurka burutu den
operazio berri hau ere salatu nahi dugu eta izan diren atxilotu eta
kaltetuekiko gure kezka agertzen
dugu eta elkartasuna adierazten diegu. Bereziki ŒEuskaldunon Egunkaria‚
bizitzen ari den egoera
gogorra hartzen dugu gogoan eta gure elkartasunik beroena luzatzen diegu
haren arduradun eta
langileei. Euskal kultura eta euskal komunikazioaren eremuan ari garenok
egunerokoan ere nahiko
lan eta zailtasun ditugu gizarteari gure komunikazio zerbitzua
eskaintzerakoan, gainera gure jarduera
hori trabatzeko helburua duten operazio susmagarri hauek jasateko.
Lanean bakean utz gaitzaten
exigitzen dugu, gure eskubidea da eta.


Lasarte-Orian KOMUNIKAZIO BIZIAGOA SALeko Administrazio Kontseilua


2003ko otsailaren 20an


Zunbeltz
2003-02-20 : 12:57

>>Egur klase batek ekarri du, nire ustez, inpunitate klase hau.

>>Egur klase bat, batez ere (eta besteak beste) herri mugitu honen desmobilizazioa ekartzen ari da.



Ez dakit noren egurraz ari zaren, baina ETA honen errudun ere jartzen ari bazara, ba ez zait batere arraroa iruditzen zu bezalako euskaldunokin gaur euskaldun guztiok egunkarietako bat barik geratu izana.

Jon Abril
2003-02-20 : 13:02

Eguerdi-eguerdian bukatu dute Jakin aldizkariaren erregistroa (goizeko 7:30etan hasitakoa). Dokumentazioa eraman dute, baina ez dute bulegoa itxi.

Jon Abril
2003-02-20 : 13:04

Eguerdian ere bukatu da Egunkariko egoitza nagusiaren erregistroa, hau, ordea, itxita utzi dute.

Izpi
2003-02-20 : 13:08

Jakina zer esango du ba! Baina atzo eta herenegun atxilotutako gazteak ez omen dira euskal gizartearen parte ezta?? Atzokoak ez dira HAIEN gizartearen partaideak, antza. Nigatik EAJ ta bere sekito guztia popatik hartzera joan daitezke, haiek beraiek onartzen dituztelako halako barrabaskeriak. Haiek beraiek direlako honen aurrean begiak ixten dituztelako. Baina honen guztiaren erruduna aspaldi aurkitu zuten, ezker abertzalea.



3 egunetan 33 euskaldun atxilotu. Haien zipaioek eramandakoak barne.



Gaur burura eroango dituzte eskuak baina bihar eskatuko diete lagun hauek guztiak atxilotzea agindu dutenei haien poltronak ez ikutzeko, hau guztia autonomi elkargoaren onurarako eta atxikimendu librez noski.

josemari erdozia landa
2003-02-20 : 13:18

Hemen pasatzen ari dena lotsagarria da!


Garikoitz Etxebarria
2003-02-20 : 13:22

txikiak handia benzi leidi.

Beste eraso bat gehiago,

bihotza bero eta burua hotz, euki behar dogu.

Greba baino, lan gehiago.



Guztia euskal kutsudun edozeren kontra, maiatzaren 25koa berotzeko, tartean diren guztiekin.

Ze orain Egunkaria izan dan moduan, DEIA ere jo mugan izan daiteke, edo "Herri Irratia" edo beste edozein irrati.



Egunkariari alkartasun osoa



Garikoitz

Igor Leturia
2003-02-20 : 13:26

@RROBA Espainiako Informatika eta Hacking aldizkarian irakurri nuen duela gutxi Prestige-ren kasuan Galiziako komunitate internautak eta batez ere weblogger-ek egindakoa:


  • Prestige-ren inguruan komunikabideek ematen dituzten berriak manipulatuta zeudenez, protesta adierazpen bat idatzi zuten, Gobernuari erantzukizunak eskatuz, eta web-ean argitaratu zuten

  • Ondoren, Galiziako hainbat weblogger komunitate mobilizatu zituzten Google Bombing bat egiteko, hau da, jende mordo batek Prestige bilatzen zuen Google-n eta ateratako emaitzetatik adierazpen horretan klikatzen zuen; horrek adierazpena Google-ko bilaketetan lehen postura eraman zuen, eta mundu guztiko jendeak Prestige bilatzen zuenean protesta adierazpena agertzen zen lehenengo postuan

Ziur naiz orain Espainian (eta agian beste toki askotan ere) jende mordoa ari dela Egunkaria bilatzen Google-n. Baina Egunkariako webgunea ere itxita dago. Beraz, hona hemen nire proposamena:


  • Protesta adierazpen bat hartzea (Kontseiluak berea ateratzera itxaron dezakegu, horrela Euskalgintzaren adierazpena izango da, uste dut eguerdian egin behar dutela bilera) eta Sustatun edo beste nonbait argitaratzea (nire ustez, gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera ere itzulita)

  • Ondoren, Sustatuko irakurle guztiak eta gehiago (Indymedia Euskal Herria, ...) inplikatu Google-n sartu eta adierazpen horretan klik egiteko, postuak irabaz ditzan, eta horrela lehen postuan jarri arte

  • Horrez gain, Luistxok Sustatun behin edo behin aipatu izan ditu Google-n aurreko postuetan azaltzeko moduak, beraz bere laguntza ere ongi letorke

Nire ustez, hau da modurik eraginkorrena Egunkariarekin egindakoaz euskal herritar gehienok pentsatzen duguna mundu guztian jakinarazteko. Zer deritzozue? Sustatu dezagun zibergerra, internetek ekarriko digu garaipena!


Gotzon Barandiaran
2003-02-20 : 13:30

> >Egurre emoten hasten ez bagara hemen ez dau zer eginik.



> Egur klase batek ekarri du, nire ustez, inpunitate klase hau.

> Egur klase bat, batez ere (eta besteak beste) herri mugitu honen desmobilizazioa ekartzen ari da.



Hara bakotzak zer ulertuten deuen egurre emoteaz!. Egurre emotea tiroak botatea dalakoan zauz zu baie nik eztot holangorik zehaztu. Egurre emotea berbak zorroztu eta harriak lez erabiltea izan leike, euskalduna eta abertzalea dala dinorari erakustarazotea, euskaldunon kontrako gehiegikerieri betiko hormea ipintea. Egunkarian kontrako operazinoaren ardurea ETAren indarkeriana dala esateari lartxu deritzet, atxakie dala? konforme, baina ez daitela hori izan etxeko sofan ETB1 ikusi eta bizitzaren krudeltasunaz kexaz egoteko justifikazinoa



uk aldizkaria
2003-02-20 : 13:32

UKk elkartasuna adierazten die Egunkaria, Jakin eta Argiako langileei



Uribe Kostako UK hamaboskariko langileok Egunkaria, Jakin eta Argiako kideei elkartasuna adierazi gura diegu une latz hauetan. Era berean, komunikabide horien egoitzetan burutzen ari diren miaketak eta zuzendaritza arloetan dabiltzan hainbat kideren atxiloketa salatzen dugu ozenki.

Jozulin
2003-02-20 : 13:35



> Greba baino, lan gehiago.



Lan gehiago, ados. Baina ez gara gai izango erantzun BATERATU eta ANTOLATUa emateko? Eta greba zergatik ez da bidea, orokorra bada?



> Ze orain Egunkaria izan dan moduan, DEIA ere jo mugan izan daiteke, edo "Herri Irratia" edo beste edozein irrati.



Ez gaitezen engaina, DEIA ez da jomuga izango.



Eta bihar denok Egunkariaren ordezkoa erosi !!

Hazparne
2003-02-20 : 13:46

zein argiak diren EAJ-kideak; euskal gizarteari egin erasoak oso gauza berria da ezta?

Espaniol juje eta polizia hoiek ere "kumplitzen " dute "como es debido", EAJ-koek esan zuten ezta?

eta beraz zertako haserre dira?



Gari Araolaza
2003-02-20 : 13:50

Igor Leturiaren ideiari jarraituz eta beste erreferentziarik egon ezean, bannerra prestatu dugu eta Euskalbannerren jarriko dugu zabal dadin, lotura albiste honi eginez.


Prest gaude beste ekimenei laguntza emateko, dela Google bonbardatzen eta abar.


Bannerra hemen daukazue, beste webguneetan erabili nahi izan ezkero:


http://www.sustatu.com/irudiak/egunka_bannerra.gif


Jabi
2003-02-20 : 13:53

Oraintxe bertan, 13etan, plaza zirkularrean dago deituta, Euskaldunon EGUNKARIAri elkartasuna adierazteko kontzentrazioa.

Garikoitz Etxebarria
2003-02-20 : 14:05

berak gu saku berean gaitu.



Edozein momentutan gure kontra egin, egiten eta egingo du.



Hor daukazu Kili-Kili, kasurako.

Jose Antoni Retolazak zuzentzen dauana, zer gertatu jakon, gutunak zirela ta.

Atzo bertan irakurritakoa "Euskadi Gaztea"ko esatari baten esandakoa aitzakitzat hartuta.



Eta gehiago esango deutsut, "Radio Euskadi" ez dot entzuten, baina gaztelaniaz izan arren, bertokoen eskuetan, gure eskuetan dagoelako, "cocidito madrileño" saioa lekuko, gutaz Madrilen daukaten iritzia "enano federicok eta olmo, besteak beste" , gustura harrapatuko leukie eta gure komunikabide guztiak itxiko leukiez.



Hala ere, arerioa Madril da, Aginte zentralaren inguruan dagoen guztia, eta berak saku berean sartzen gaitu, guztiok.



Gu Uriben prest gagoz biharko egunkariaren seme barria erosteko.





Susa literatura argitaletxea
2003-02-20 : 14:06
Xabier Mendiguren Elizegi
2003-02-20 : 14:09

Bihartik aurrera



Zerbait diferentea esaten saiatuko naiz. Ez da erraza baina. Barruan sentimendu-anabasa bat daukat, zuetako askok bezala, denak nahastuta: amorrazio handi bat, injustizia erabateko bat ikusi eta kontra egin ezin dugulako; pena eta min izugarriak, gure herrigintzaren bihotzean ezpata sartu digutelako; kezka eta beldurra, giltzapean sartu dituztenak lagunak ditudalako. Hori dena badakizue, gutako gehienon sentipen berberak dira, baina esan dizuet zer edo zer desberdina idatzi nahi dudala hemen; horrenbestez, neure haserrea, samina eta ikara une batez gordeta, geroari begira jarriko naiz.



Lerrook idaztean ez dakit oraindik zertan geldituko diren Espainiako justiziaren neurriak, ezta Egunkariko langile eta arduradunek nola erantzungo duten ere. Dena dela, euskal prentsa egunero lantzen dutenen adorea ezagututa, aurrez baiezta dezaket bai ostiralean, bai hurrengo egunetan ere, euskarazko kazeta bat izango dela kioskoetan, Euskaldunon Egunkaria edo beste izen batekin. Orri gutxi batzuk, baina bere urrian urrearen balioa izango dutenak. Nik esan gabe ere denok izango duzue gogoan beste historia bat: Egin, Euskadi Información, Gara...

Oraingo suminaren beroa pasatzen denerako dira nire hitzak. Ernegaziorik gorriena ere epeldu egiten baita pixkanaka, eta egunean-egunean sortzen zaizkigun buruhausteekin atzendu egiten baitira lehendik zetozenak. Egunkariaren premiek, ordea, dexente iraungo dute seguruenera, eta iraunkorra izan beharko du gure laguntzak, gure konpromisoak.



Batetik, dirua beharko da, eta euskaltzale eta abertzaleen poltsikoetatik atera beharko du diru horrek, lehen ere atera izan den bezala. Azpiegitura berriak eskuratzeko, hainbat ordainketari aurre egiteko, kalean gure presentzia ziurtatzeko.



Dirua bakarrik ez da nahikoa, hala ere. Antolamendua eta lana beharko dira, horrez gainera. Herriz herri, lantegiz lantegi, auzoz auzo. Jendea mobilizatzeko, sensibilizatzeko, ahazturan ez erortzeko, proiektu berrien berri zabaltzeko. Zeregin horietan jende askok egin beharko du borondatezko edo gaizki ordaindutako lana, baita bilera ugaritan parte hartu ere, gauzak aurrera aterako badira.

Dirua, antolamendua, lana... Kontzientzia erne eduki beharra eskatzen du horrek guztiak, baina aldi berean patxadari eustea ere bai: luzerako borroka da euskararena, eta jendearen aldekotasuna geureganatu behar dugu, zabaltasunez, argitasunez eta sektarismotik ihesi, nahiz eta horrelako une mingarrietan barrenak dardarka eduki. Zazpi hitzetan laburtuta: bihotza bero, burua hotz, eta eskuak zabal.

Alberto Silva
2003-02-20 : 14:10

Lehen aipatzen nuen El Mundo-ren web orrian PSOEk atxiloketei buruz esan dutena ere agertzen da, hau da, Ramón Jauregik "harrigarritzat" jotzen ditu atxiloketak...


Ene, harrigarria benetan PSOEko batek horrelako adierazpenak egitea...


Xabier Mendiguren Elizegi
2003-02-20 : 14:11

“EUSKALDUNON EGUNKARIA”ri ELKARTASUNA



ELKAR, OIHUKA, TTARTTALO, ZABALTZEN eta BOZA-ko langileok elkartasuna adierazi nahi diogu “Euskaldunon Egunkaria”ri Espainiako Estatuaren eta Justiziaren aldetik pairatzen ari den erasoaren aurrean.



Halaber, gure protesta eta haserrerik irmoena azaldu nahi dugu Espainiako agintariak, justiziaren izenean, ideiak kriminalizatzeko, eta euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen guztia delitu susmopean jartzeko egiten ari diren eginahal etengabeengatik. Euskalduntasunaren kutsua duen guztiaren aurrean justizia arbitrarietate bihurtu digute, eta babesgabe sentitzen gara justiziaren arbitrarietate horren aurrean.



Errazegi eta guztiz arbitrarioki pairatzen dugu egunotan “Presunto delito de terrorismo” akusazioa, eta, arrazoia aitzakia bihurturik, Euskal Kultura, euskara eta ideien adierazpena erasotuak sentitzen ditugula aldarrikatu nahi dugu.

Caracaskoa
2003-02-20 : 14:25

Inoiz arte? Ez da posible mundu hontan pakean bizi? Lotsagabeak!!!

Gara
2003-02-20 : 14:48

"Gaur, otsailak 20, Euskaldunon Egunkariaren kontra abian jarri den polizi operazioaren baitan hamar pertsona atxilotu eta egunkaria itxi egin dutela eta, GARA egunkariko langile asanbladak atxilotutako guztiei, Egunkariako langileei zein euskalgintzan lanean diharduten guztiei bere elkartasuna adierazi nahi die.



Euskal Herriak bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko behar dituen baliabideen artean herri honen errealitatea, Estatu frantziar zein espainolaren interferentziarik gabe islatuko duten komunikabideak ezinbesteko ditu. Alabaina, Euskal Herriak bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko adierazi duen borondatearen kontra eraso bortitza abian jarri da eta gaur bizi izan dugun polizi operazioa horren adierazle garbia da.



Atxilotutako lankide guztiak aska ditzatela eta Euskaldunon Egunkariari bere lana askatasunez egin ahal izateko behar dituen tresna eta instalazio guztiak itzul diezazkiotela exijitzen dugu..



Era berean eraso honen aurka antolatuko diren mobilizazio guztiekin bat egiten dugu."

Joxe Rojas
2003-02-20 : 14:56

Ez dakit zer esan dagoeneko esan ez duzuenik. Momentuz, Hamaika Ikusteko web orria itxi egin dut.



Hau lotsagarria da :(

Egunkaria egunero irakurtzen d(z)uen bat
2003-02-20 : 15:09

--

Ondarroko BOLO-BOLO aldizkaria
2003-02-20 : 15:16

AURRERA BETI!



Eskutitz honen bitartez gure elkartasuna adierazi nahi diegu Egunkariari eta Egunkaria egiten duten langile guzti-guztiei, beraien eguneroko lanari esker atzo arte ateratzen zen Egunkariarik barik aurreratzean gosariak ez du-eta zapore berdinik izango, ezta soinu berdinik ere, Madriletik etorritako bele beltzek erdarazko egunkariarekin gosaltzera behartu gaituztelako. Eskerrak gosaldu eta gero komunean ilustratzeko etxean oraindik Egunkariaren hainbat ale zahar ditugun!



Euskal kulturaren alde eta egunero euskaraz bizi ahal izatearen aldeko erronkan Egunkariaren inguruan bildutako pertsonek eta taldeek lan ikaragarria egin dute eta Lea-Artibai eskualdean oso pozik gaude Egunkarirekin berarekin. Bide batez aipatu nahiko genuke Bizkaia gehigarriaren bitartez Lea-Artibaiko gorabeheren berri ematen diguten Nekane eta Miren Lore adiskide eta taldekideen lan ederra.



Ondarroako BOLO-BOLO aldizkaritik elkartasunezko mezu bat bidali nahi diegu orain arte Egunkaria posible egin duten guztiei eta musu handi bana BOLO-BOLOko kide ere diren Miren Lore eta Nekaneri. Jakin dezatela alboan izango gaituztela hemendik aurrera Egunkaria berriro kaleratzeko antolatutako ekintzetan eta askatasun adierazpenaren urraketa hau salatzeko.



Guztiok eta gurea den guztia zuen esku. Bihar kalean ez bagara ikusten, etzi sin falta.

Ondarroa eta Kamiñazpiko BOLO-BOLO aldizkaria

Xerka
2003-02-20 : 15:19

> Ene, harrigarria benetan PSOEko batek horrelako >adierazpenak egitea...



Azken aldi hontan "No a la guerra" horrek PSOEko faxista batzuen burua berotu egin diela ematen du.

Ondarroko BOLO-BOLO aldizkaria
2003-02-20 : 15:19

AURRERA BETI!



Ondarroako BOLO-BOLO aldizkaritik elkartasunezko mezu bat bidali nahi dizuegu Argiakooi.

Aupa eta segi aurrera!

Ondarroa eta Kamiñazpiko BOLO-BOLO aldizkaria

Xerka
2003-02-20 : 15:24

DEIA legez kapon uztea??? Jode! Ez al da egia izango!

Bainan zoritxarrez aginteari(Espainia zein Vascongadetakoa) mina egiten diotenen artean baino ez dute egurra banatzen.



Eta hor DEIA poterearen lagun leial eta fina dugu.

editorea
2003-02-20 : 15:52

Adierazpen asko eta asko agertzen ari dira. Denak ildo antzerakoan izan arren, hemen doaz esandakoak


  • Martxelo Otamendiren arreba: ez digute informaziorik eman. Ez digute esan ez nola eraman duten, ez nora eta ez zergatik ere.

  • Michevila: Argi erakusten dute ETAren tresna dela Egunkaria.

  • Egibar: Estatu totalitario egoeran gaude.

  • Miren Azkarate: Salbuespen egoeran gaude. Euskara-Kultura-indarkeria lotzen direlako: Lehenbailehen argitu dezala kontua zertan den epaileak. Jarraipen puntuala egingo dugu, exaustiboa. Jaurlaritzaren izenean, espero dugu inork ez duela halako zekentasunik izango euskara eta kultura biolentziaren munduarekin nahasteko. Aldi berean zikoiztasunik ere ez genuke nahi, Jaurlaritzari errua bota eta dena nahasteko.

  • Mayor Oreja: Lehendakariari galdera zuzenduko diot. 1000 milioi pezeta nolatan ematen dizkio Jaurlaritzak Egunkariari?

  • Olano EAJ:Giza eskubideen aurkako erasoa. Euskararen aurkakoa. Abertzale oro susmopean gaude.

  • EA: salatu egiten dugu gertatutakoa, onartezina da. Inboluzioa da. Eskubide basikoen kontra doa.

  • Batasuna: Erasoa Euskal Herriaren kontrakoa da. Lehen 14 atxilotu, gero 9 orain hau. Ez da ezker abertzalearen kontrakoa. Ez da egia ETA edo EKIN-ekin kolaboratzen dutelako detenitu dituztela.

  • Juan Martin Elexpuru, Aralar. Ez da euskararen kontrako eta adierazpen askatasunaren aurkakoa. Euskal Useina duen edozerren eraso frontala da, herrigintzari egindakoa. Erantzuna ere tamaina berekoa izan behar da.

  • Xabier Isasi: guztion proiektua da Euskaldunon Egunkaria. Hau ezin da onartu.

  • LAB Rafa Diez: Erasoa izugarria da. Kolokan jartzen du dena. Euskal Herria Ausnarketa sakona egin behar dugu gertaera honen aurrean. Aski dela esan behar dugu.

  • ELA: Edozeinen aurrean erantzun egin behar dugu. Herrigintzari izugarrizko mina egiten zaio. Zuzenbide estaturako garantiarik ez dago. Irizpide nagusia herri honen zutabe diren ezaugarrien aurkako erasoa da. Erantzun egin behar dugu.

  • AEK kaltea egina dago, baina eutsi egingo dugu.

  • Argia, Xabier letona: Lehen ere nahiko lan dugu orain horrelakoak jasateko.

  • Elhuyar. Euskalgintzari egindako atakea da. Atakea da ez euskalgintzari bakarrik, baita jaurlaritzari egindakoa ere.

  • ETB Esan nahi dugu kezkatuta gaudela eta eskatzen da lehenbailehen esateko zer gertatzen den. Kasua larria da.

  • ETBko Langile batzordea: informazio askatasunari erasoa izan da. Elkartasuna adierazi eta egoitzak zabaltzeko eskatzen dugu.

Aitziber Salaberria
2003-02-20 : 16:08

Zuekin nago eta eutsi goiari!!!

Aitziber Salaberria

EHIGE
2003-02-20 : 16:22

EUSKARA ETA EUSKAL KULTURAREN ALDE





Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak Euskaldunon Egunkaria itxierak dakarren euskara eta euskal kulturaren kontrako erasoa salatzen du. Neurri honek gure hizkuntzan komunikatzeko tresna garrantzitsu bat gabe uzten gaitu gurasoak, gure gizartean hizkuntza normalkuntza lortzeko egiten dugun lana ahuldu nahi duen bitartean.

Gurasook, gure seme-alabak eta irakaslegoak jasan ditugu frogatu ez diren euskara eta hezkuntza mundua susmopean jartzeko kanpainak.

Hemendik, Euskaldunon Egunkariako lagunei gure elkartasuna adierazteaz gain, adierazpen askatasunaren kontrako ekimen berri hau gaitzetsi nahi dugu eta guraso guztiak gure seme-alabak informazioa euskaraz jasotzeko daukaten eskubidea defendatzera deitzen ditugu. Euskaraz bizitzeko eskubidea, azken finean.

Alberto Errazti
2003-02-20 : 16:50

Negargura eta amorruaren arteko nahasketaren pean egon naiz egun osoan, ezin erreakzionatuz. Palestinan bezala, ilusioaren kontra bota dituzte beraien misil pozointsuak, jakin badakitelako mendekua eta mina direla herri honi eskeintzen dizkioten opariak. kasualitatea ote Egoitza Nagusia Andoainen egotea? Kasualitatea ote Savaterren elkarrizketa lehengo egunean egunkarian agertzea?kasualitatea ote hainbat proiektu abiada ederrean aurrera zihoazenean honelako operazio-tranpa bat egitea? Norberak jakingo du zer egin behar duen aurrerantzean, baina argi gorria aspaldi piztu zen eta Palestinan bezala, banan banakako sutsiketara heldu nahi da ustezko antzerki honetan.

Nire besarkadarik sentikorrena eraso honen ondorioak jasan dituzuen guztioi (ezagutzen nauzuenok badakizue barru-barrutik ari naizela).

Peio
2003-02-20 : 16:53



Zentsuraren gainetik!



http://209.210.239.251

Txalaparta argitaletxea
2003-02-20 : 16:58

Aurrera egin behar dugu...


Sentimenduak, egin beharreko lanak eta hartu beharreko erabakiak etengabe pilatzen diren ordu hauetan, ezin dugu besterik esan: Egunkaria aurrera!


Ezingo dituzte hitz guztiak ezabatu.
Ezingo dituzte orrialde guztiak desagerrarazi.
Hitzarekin lanean jarraitzeko asmoa eta gogoa dugu, eta asko gara.


Adierazpen askatasuna bahitu dute berriro.
Baina ozen hitz eginez segiko dugu alor ezberdinetan.


Esaten dugun guztia sinesten dugulako, beste batzuk ez bezala.


Amaitzeko, gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu Egunkariako langile eta arduradun guztiei. Besarkada erraldoi bat Tafallatik.
Animo, eta aurrera!!!


Burujabetzaren aldeko Desobedientzialariak
2003-02-20 : 17:01

Egunkaria itxi digute eta honekin batera herri mugimendook gure mezuak zabaltzeko dugun tresna hoberenetarikoa. Euskaldunon egunkaria ixtean herri mugimendu asko umezurtz geratu gara.



Gure elkartasun beroena adierazi nahi diegu egunkariko langile eta inguruko guztiei, bide batez orain arte egindako lana eskertu eta egoera honi aurre egiteko prestatzen diren mobilizazioei gure atxikimendua adierazi.



Egoera honen aurrean.... noiz arte jarraitu behar dugu espainiar nazioanalitateari eusten ?



www.desobedientzialariak.ht.st

Txaparro aldizkaria
2003-02-20 : 17:06

Zarauzko Txaparro aldizkariak elkartasuna adierazi nahi die Iñaki Uria zarauztarrari, atxilotu guztiei, eta Egunkarian lanean ari diren lankide zarauztarrei eta guztiei oro har.

Txaparro aldizkariko langileak hitzik gabe geratu gara gaur atxiloketen berri jakitean, baina ez gaituzte mututuko.



Bihar goizean euskaraz irakurriko dugu une hauetan gertatzen ari denaren berri.

Gure elkartasuna Euskaldunon Egunkariari, Jakini, Ikastolen Federazioari, eta Argia aldizkariari.



Hebe de Bonafini, Carlos Aznarez eta abar
2003-02-20 : 17:17

A TRAVÉS DE ESTA NOTA DE URGENCIA, LES HACEMOS LLEGAR DESDE ARGENTINA TODA

LA SOLIDARIDAD CON LOS COMPAÑEROS DE "EUSKALDUNON EGUNKARIA" ANTE ESTA NUEVA

AGRESIÓN FASCISTA PARA COARTAR LA LIBERTAD DE EXPRESIÓN DEL PUEBLO VASCO.

LES ROGAMOS HAGAN LLEGAR TODO NUESTRA APOYO A LOS TRABAJADORES Y

TRABAJADORAS DE EGUNKARIA Y HACEMOS VOTOS PARA QUE LA MANIFESTACION DE

REPUDIO A ESTA AGRESION SIN SENTIDO SEA REALMENTE MULTITUDINARIA.

HOY MAS QUE NUNCA COBRAN SENTIDO LAS PALABRAS DE BERTOLD BRECHT:

"VINIERON A BUSCAR A LOS COMUNISTAS Y NO ME PREOCUPÉ, VINIERON A BUSCAR A

LOS CRISTIANOS Y TAMPOCO ME PREOCUPÉ. HOY VIENEN A BUSCARME A MÍ, Y ME DOY

CUENTA QUE YA ES TARDE..."



EUSKAL PRESOAK, ETXERA!!!





HUMBERTO TUMINI (CORRIENTE PATRIA LIBRE)

CARLOS AZNÁREZ (RESUMEN LATINOAMERICANO)

HEBE DE BONAFINI (ASOCIACION MADRES DE PLAZA DE MAYO)

JORGE CEBALLOS (MOVIMIENTO PIKETERO "BARRIOS DE PIE")

OSVALDO GONZÁLEZ (ENCUENTRO DE LOS REVOLUCIONARIOS)

PATRICIO ECHEGARAY (SECRETARIO GENERAL PARTIDO COMUNISTA DE ARGENTINA)

COMISION CONTRA LA REPRESION INSTITUCIONAL Y POLICIAL, DE ARGENTINA

(CORREPI)

COORDINADORA POR LA LIBERTAD DE LOS PRESOS POLÍTICOS DE ARGENTINA.

IPES elkartea
2003-02-20 : 17:18

GITE-IPES elkartetik gure elkartasun guztia adierazi nahi diegu egunkariko langileei eta atxilotuen senitartekoei. Halaber, euskalgintza eta herritar mugimendua sendotzeko jaio ginen neurrian, gure esku dauden bitarteko guztiak Egunkariaren eta bere langileen bitarteko direla jakinarazi nahi diegu.

Animo, garaipena gurea da eta!

euskaldun bat
2003-02-20 : 17:21

> Egunero Tolosaldeko egunkaria ez dago sarean: egunero.info



> Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua ez dago sarean: Kontseilua.org







euskalerria.org ez dago sarean

Irati Pagoaga
2003-02-20 : 17:26

Egunkaria aurrera, adierazpen askatasuna!!

Berriz ere hitza langai dutenei luma erabiltzeko aukera ukatu zaie.

Euskara lan tresna dutenei, hizkuntzaren ateak itxi zaizkie.

Garbi dagoena da euskaraz bizi eta lan egin nahi duen orori bideak, ahoak eta abar ixtea dela Espainiako gobernuaren helburua. Hala ere, jakin bezate Madrileko agintariek larunbatean euskaraz erakutsiko dugula Donostiako kaleetan barrena lau haizetara zer nahi dugun, eta gure hizkuntzaren alde lanean jarraituko dugula.

Besterik gabe, Egunkaria, Jakin eta Argiako lankideei bihoakie animorik beroenak.

Euskara aurrera!!!!

Ima Eguen
2003-02-20 : 17:41

Gaur bilkura Durangon, Andra Mariko elizpean, iluntzeko 20:00etan



Euskaldunon Egunkariaren alde



Eguen goizak barri txar bat ekarri digu euskaltzaleoi, zer pentsatua ematen duen barria: arduratzekoa. Del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria-n ardura desberdinak izan dituzten eta dituzten bederatzi pertsonaren atxiloketaren barri izan dugu eta, horrekin batera, Euskaldunon Egunkariaren egoitzen itxieraren barri.



Egunkari baten itxiera, edozein dela ere, gertakari larria iruditzen bazaigu, are larriagoa deritzogu euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra itxi dutelako oraingo honetan. Oraindik orain, horretarako izan diren arrazoien barririk ez badugu ere, ezin ditugu salatu barik utzi bederatzi pertsona horien atxiloketak eta euskaltzale asko eta askoren eguneroko informazio iturri den “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxiera. Bide batez, etorri daitekeen erauntsi mediatikoaren aurrean, gure aterkia zabaldu eta atxilotutakoen errugabetasun printzipioa aldarrikatzen dugu pertsona guztion oinarrizko eskubidea den neurrian.



Euskaldunon Egunkariaren itxiera ez da euskararen eremuan ematen den antzeko lehenengo saioa. Azkeneko urteotan saiakera bat baino gehiago izan da euskerarekin lotutako jarduerak dituzten elkarteak eta, bidenabar, euskara bera kriminalizatzeko. Hainbeste urtetan euskararen alde egindako lana zikintzea eta desprestigiatzeko helburua agerian geratu da, esate baterako, Aek-ren edo Zabaltzenen kasuan. Epaibideak bertan behera geratzen direnean ere, nork konponduko du egindako kaltea?



Salaketa gutun hau izenpetzen dugunotarik askok Egunkaria Sortzen kanpainan parte hartu genuen gure herriak eta hizkuntzak euskarazko egunkari baten beharra zuelako. Hamahiru urte egin ditu kioskoetan Euskaldunon Egunkariak euskarazko kazetagintzan ezinbesteko erreferentzia bilakatuz. Gure hizkuntzaren normalkuntzarako bidean oztopo larregi aurkitzen ari garen honetan, euskaltzaleok ezin dugu isilik egon. Gure tresnarik eraginkorrarenarekin salatu egiten dugu Euskaldunon Egunkariaren itxiera: euskararekin.



Durangaldeko lau euskara elkarteak (Berbaro, Barriketan, Gurien bai eta Eixu)

Anboto astekaria

Durangaldeko AEK

Durangoko Udal Euskaltegia

Gerediaga elkartea

EHE

Ikastolak

martin larralde
2003-02-20 : 17:52

Gaur gure herriaren historian beste orrialde beltz bat idatzi da.EGUNKARIA itxi dute, eta horrekin batera euskaraz argia ikusten zuen egunkari bakarra.



Ez dago esan beharrik euskaldunak urteetan zehar jazarriak izan garela, estatu espainol eta frantsesek gure aurka, euskaldun eta abertzaleen aurka egindako erasoak direla medio. Estrategia horren barruan kokatzen da egunkaria istea, eta horri erantzutea derrigorrezkoa da.



Erakutsi behar diegu gure zapaltzaileei gai garela gure hizkuntza eta gure kultura babesteko, ez diegula utziko Euskal Herria hain erraz deuseztatzen. Kolpe latza jaso dugu, baina burua altxa eta gurea denaren alde borrokatzen jarraitu behar dugu.



Horregatik, mundu guztia mobilizazioetan parte hartzera eta euskal esparru komunikatibo propioa bultzatzera gonbidatu nahiko nuke.



GORA EUSKAL HERRIA!

GORA EGUNKARIA!

Aitor Zuberogoitia
2003-02-20 : 18:08

Erabat ados, Xabier. Zerbaitetan hasi beharra dago, lehenbailehen gainera. Astakerion aurrean ez genuke iparrik galdu behar: konstantzia, lana, ideiak argi eta, zuk esandako moduan, burua hotz, bihotza bero eta eskuak zabal. Euskaldunok geure unibertsoa eraikitzen jarraitu behar dugu; oztopo guztien gainetik, geure neurriko jantziak josten jarraitu behar dugu. Formulekin asmatzen badugu, ez dago hemengo energia geraraziko duenik. Ekin diezaiogun lanari, beraz.

Aitor Zuberogoitia



> Bihartik aurrera

>

> Zerbait diferentea esaten saiatuko naiz. Ez da erraza baina. Barruan sentimendu-anabasa bat daukat, zuetako askok bezala, denak nahastuta: amorrazio handi bat, injustizia erabateko bat ikusi eta kontra egin ezin dugulako; pena eta min izugarriak, gure herrigintzaren bihotzean ezpata sartu digutelako; kezka eta beldurra, giltzapean sartu dituztenak lagunak ditudalako. Hori dena badakizue, gutako gehienon sentipen berberak dira, baina esan dizuet zer edo zer desberdina idatzi nahi dudala hemen; horrenbestez, neure haserrea, samina eta ikara une batez gordeta, geroari begira jarriko naiz.

>

> Lerrook idaztean ez dakit oraindik zertan geldituko diren Espainiako justiziaren neurriak, ezta Egunkariko langile eta arduradunek nola erantzungo duten ere. Dena dela, euskal prentsa egunero lantzen dutenen adorea ezagututa, aurrez baiezta dezaket bai ostiralean, bai hurrengo egunetan ere, euskarazko kazeta bat izango dela kioskoetan, Euskaldunon Egunkaria edo beste izen batekin. Orri gutxi batzuk, baina bere urrian urrearen balioa izango dutenak. Nik esan gabe ere denok izango duzue gogoan beste historia bat: Egin, Euskadi Información, Gara...

> Oraingo suminaren beroa pasatzen denerako dira nire hitzak. Ernegaziorik gorriena ere epeldu egiten baita pixkanaka, eta egunean-egunean sortzen zaizkigun buruhausteekin atzendu egiten baitira lehendik zetozenak. Egunkariaren premiek, ordea, dexente iraungo dute seguruenera, eta iraunkorra izan beharko du gure laguntzak, gure konpromisoak.

>

> Batetik, dirua beharko da, eta euskaltzale eta abertzaleen poltsikoetatik atera beharko du diru horrek, lehen ere atera izan den bezala. Azpiegitura berriak eskuratzeko, hainbat ordainketari aurre egiteko, kalean gure presentzia ziurtatzeko.

>

> Dirua bakarrik ez da nahikoa, hala ere. Antolamendua eta lana beharko dira, horrez gainera. Herriz herri, lantegiz lantegi, auzoz auzo. Jendea mobilizatzeko, sensibilizatzeko, ahazturan ez erortzeko, proiektu berrien berri zabaltzeko. Zeregin horietan jende askok egin beharko du borondatezko edo gaizki ordaindutako lana, baita bilera ugaritan parte hartu ere, gauzak aurrera aterako badira.

> Dirua, antolamendua, lana... Kontzientzia erne eduki beharra eskatzen du horrek guztiak, baina aldi berean patxadari eustea ere bai: luzerako borroka da euskararena, eta jendearen aldekotasuna geureganatu behar dugu, zabaltasunez, argitasunez eta sektarismotik ihesi, nahiz eta horrelako une mingarrietan barrenak dardarka eduki. Zazpi hitzetan laburtuta: bihotza bero, burua hotz, eta eskuak zabal.

Bierrik elkartea
2003-02-20 : 18:12

BIERRIK elkartea Egunkariarekin bat



Bierrik Elkarteko langile eta zuzendaritzako kideok bart goizaldeko gertakarien aurrean zera adierazten dugu:



1.- Guztiz salatzen dugu adierazpen askatasunari, euskal komunikabideei, euskal kulturari eta euskarari egindako erasoa.



2.- Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Euskaldunon Egunkariako langileei zein atxilotuei.



3.- Sakandarrei dei egin nahi dizuegu ekintza honen aurka antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Hala, bat egiten dugu heldu den larunbatean arratsaldeko 5etan Donostian eginen den manifestazioarekin.



Bierrik Elkartea

Arrasateko Euskalgintza
2003-02-20 : 18:23

Arrasateko euskalgintzak zenbait ekintza martxan jarri ditu Euskaldunon egunkariari elkartasuna adierazteko eta euskarari eginiko eraso honi aurre egiteko.



Une honetan euskalgintza batzarturik dago eta lehen erabakiaren berri lehenbailehen ematea erabaki dugu:



Gaur kontzentrazioa arratsaldeko 8etan herriko plazan.



Deialdia Arrasateko euskalgintzak: AED, Arizmendi ikastola, Arrasate eta Aretxabaleta instituta, Arrasate herri eskola, Erdu AEK, Arrasateko udala, Euskal Herrian euskaraz, Ekin emakumeak AED, Emun koop., La merced ikastetxea, Euskalan, Goiena komunikazioak, Modragon Unibertsitatea eta Txatxiliprdi elkartea.





ADI!!! ez baikara geldik geratuko, BAI EUSKARARI!





Luis
2003-02-20 : 18:56

Datorrena datorrela, ziur nago atentatu honen aurrean, kalean dauden Egunkariako langileek, zein bahituak izan direnek, duintasunez erantzungo dutela euskararen alde lanean jarraituz. Denok gara Egunkaria. Animo eta Aurrera.

Joseba Barandiaran
2003-02-20 : 18:59



Adierazpen askatasunaren, errugabetasun printzipioaren, elkartze eta enpresa eskubidearen urraketa etengabea da. Euskara eta euskaldungoa kaltetu nahi dituen eraso indiskriminatu eta totalitarioa. Erantzun egingo dugu. ASKATASUNA DAGO JOKOAN, HOR DAGO EGUNKARIA !!!!

Irlandako euskaldun batzuk
2003-02-20 : 19:03

Eutsi goiari!

Arrasateko euskalgintza
2003-02-20 : 19:03

Gaur, arratsaldeko zazpietan, Arrasateko Udalean 2003ko aurrekontuak eztabaidatuko diren plenoan, euskalgintzak Euskaldunon Egunkariari elkartasun adierazpen mozioa aurkeztuko du, gai zerrendaz kanpo. Udalbatzarra etetea eta euskalgintzarekin bat egitea ere eskatuko da, herriko plazan arratasaldeko 8etan.





Herritar eta euskaltzale danok egunkari ale bana eskuan, parte hartzera gonbitauak zaudete.





Arrasateko euskalgintza.

markos zapiain
2003-02-20 : 19:05

"Nik azken aldi honetan gero eta gehiago ikusten dut eraso izugarria. Ni ez naiz izango abertzalea non eta nire izate hutsagatik, euskaldun izateagatik, alegia, ez nauten kastigatu nahi. Baina ikusten baldin badut nire laguna euskaldun izate hutsagatik kartzelara eramaten dutela, nire alabari ukatzen diotela eskola, bada orduan... abertzalea nintzateke."



Hasier Etxeberria, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan, Alberdania, 41. or.

harpide (ohi?) bat
2003-02-20 : 19:10

Eta orain zer?



Nork bermatzen dizkigu euskaldunon eskubideak?



Hemen ditugun sasi-agintari hauek zertarako balio dute halako eraso baten aurrean?



Hainbeste "autonomismo" urteren ostean berriz ere hutsetik hasi behar al dugu?



Ipuineko txerritxoaren etxetxoan bezala, berriz ere Madrilgo haize bolada batek euskaldunok bilutzik utzi gaitu.



"Euskal agintarien" erantzuna jasandako zaplastekoaren neurrikoa izan beharko luke.

Edo?



Amorruak itotako harpide (ohi?) bat.

Luis
2003-02-20 : 19:12

Datorrena datorrela, ziur nago atentatu honen aurrean, kalean dauden Egunkariako langileek, zein bahituak izan direnek, duintasunez erantzungo dutela euskararen alde lanean jarraituz. Denok gara Egunkaria. Animo eta Aurrera

Iñaki Abad
2003-02-20 : 19:26

Euskaldunok berriro umezurtz eta informaziorik gabe. Berrriro ere, bertze bat ere, eta noiz arte ?

Orain argiago ikusten dut estatu faxista honetan ez dagoela segitzerik, ez dagoela justiziarik (gogaratu Jimenez de Parga, nola utzi dioten epaiburu izaten jarraitzea), ETA BIDE ETA MANERA GUZIEKIN ERANTZUN BEHAR DIOGULA.

AURRERA EGUNKARIA ETA AURRERA EUSKARA !!

Iñaki Abad
2003-02-20 : 19:37

DIARIOAri (Diarioa de Navarra, noski), egunkari zikin horri ere BOIKOTA

Kepa Egiluz
2003-02-20 : 19:43

Gaur goizean, lantokira iritsi naizenean, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi eta zenbait arduradun atxilotu duela jakin dut lankide baten ahotik. Ahalge, ez dut jakin zer egin, barre ala negar.



Jarraian, berria kontatu didan lankide berak hurrengoa erantsi du, jostagarri: «Epaileren batek Egunkariaren orrialdeak "eta" lotura kopulatiboz josita ikusiko zuen nonbait eta, jakina, konexioa ukaezina irudituko zitzaion».



Gogotik egin dugu barre elkar. Baina gure algarak zapore mingotsa zuen.



Doakie Euskaldunon Egunkariari eta bertan lan egiten duten guztiei harpidedun honen elkartasun adierazpena



Kepa Egiluz

(Bilbo)

AEK
2003-02-20 : 19:45

AEK-k Euskaldunon Egunkariaren kontrako burugabeko erasoa salatu eta bere elkartasuna adierazi nahi die Euskaldunon Egunkariari, langileei, senitartekoei, eta gaur Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu eta kaltetu dituzten guztiei.



Jasaten ari garen euskalgintzaren kontrako eraso bortitza salatu nahi du AEK-k eta, era berean, euskara eta euskaldunon kontrako zentzugabeko erasoaldiaren aurrean elkarrekin egongo garela adierazi nahi du.



Gaurkoan, euskaldunon eskubideak urratuak izan dira berriro ere; bada, euskararen eta euskal kulturaren alde lanean dihardugun guztion oinarrizko eskubideak ukatu nahi dizkigute.



Egoera latz honen aurrean eman daitekeen erantzunik eraginkorrena euskararentzat esparru berriak irabazteko lan egitea delakoan gaude.



Euskararen kontrako eraso berri baten atarian gauden honetan, AEK-k dei egiten dio euskal gizarteari Euskaldunon Egunkaria eta gainontzeko kaltetuen aldeko elkartasuna adieraz dezan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartuz eta adierazpen askatasuna aldarrikatuz. Horrela, AEK-k dei egiten du larunbatean Donostian egingo den manifestaziora parte hartzera.



AEK-REN NAZIO BATZORDEA

Palenqueko lagunak
2003-02-20 : 19:51

Eup Txema Auzmendi eta lagun guztiak.

Aurrera Egunkaria!



Palenqueko lagunak

Alberto Agirreazaldegi
2003-02-20 : 20:02

Egunkaria isildu nahi dute eta euskalgintzako kideak atxilotuz adirazpen askatasunaren aurkako eraso galanta egin dute. Denok gara erasotuak. Nire atxekimendua adierazi nahi diet Egunkariakoei eta atxilotutakoen lagun eta familiakoei. Ez dugu etsiko! Aurrera egingo dugu!

Irati Agirreazaldegi
2003-02-20 : 20:10

Egunkariako lankideak ditut gogoan. Zuen ondoan, zuen egoitzan, emandako orduez eta egindako lanaz ez naiz damutzen. Zuekin hurbilago sentitzen naiz. Segi aurrera. Ez gaituzte isilduko.


…eta kitto! astekaria
2003-02-20 : 20:26

…eta kitto! astekaritik gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu bai gaur goizean atxilotutakoei bai euren senitartekoei. Aldi berean, Egunkariako langileekin bat egiten dugu eta aurrera jarraitzeko gure indar guztia bidali nahi diegu.

Beste behin ere adierazpen askatasunaren, euskal kulturaren eta euskararen kontrako eraso baten aurrean gaude. Baina, argi eta ozenki esan nahi dugu, erasoak eraso, aurrera jarraitu behar dugula gure lanean.

Azken orduetan Egunkariaren alde agertutako atxikimenduek argi eta garbi erakusten dute ez gaituztela mututuko.

Bixente Serrano Izko
2003-02-20 : 20:41

> Guztiz ados, Xabier. Eta eskertzekoa da halako gutuna irakurri ahal izatea guztiok bero-bero gaudenean, berri bila, zoratuta, zer egin pentsatu ezinean... Hiritarron mugimendua dugu funtsezkoena, zeuk diozun bezala.


Baina, baita ere, garaia dela uste dut hiritarrok, hiritar gisa, elkarte eta instituzio guztiei, mota guztietakoei eranzun tinko, neurtu, egoki eta bateratuta eskatzeko. Bide onetik doa larunbateko deialdia, Donostiakoa. Erakunde politiko baten kontra, eta oso kritikoa izan naiz ni neu erakunde horren aurrean, jo zutenean, bagenekien horren atzetik bertze askoren kontra joko zutela, eta badakigu bide horretatik jarraituko dutela ez bagara gai, euskaltzale eta borondate demokratikoa dugun guztion artean horri aurre egiteko. Ikusi ditugu jada erakunde ezberdinetatik, batzuk tradizio erradikalagokoak, bertze batzuk tradizio zuhur eta epelagokoak, adierazpenak-eta operazio judizial honen kontra. Gaizki eginen genuke -eta horrelako erreakzioak ikusten hasi dira sarean-, ustezko jarrera erradikalago batetik -edo alderantziz- kontuak eta kontraesanen erantzukizunak eskatzen hasiko bagintzaizkie orain arte jarrera epelagoak "frogatu" dutenei. Argi eta garbi, nire ustez, izan behar dugu: denok gara, aldez edo moldez, erantzule. Estrategia txarrak eramateagatik, epelkeriengatik, erradikalismoengatik, pasibotasunagatik..., mota guztietako erantzkizunak, elkarri eta nori berea bana dakizkionak.


Ez da garaia elkarri kontuak eskatzeko, ahaleginak batzeko eta bakoitzari eman ahal dezakeena eskatzeko baizik. Ekaitza baretu ondoren, balantzeen eta bakoitzak ustez merezi dituen etekinak ateratzeko ordua ailegatuko da, horrelakorik norbaitek nahi badu. Bitartean, lanari ekin behar. Hiritarrok, nork bere txokotik; mugimendu kultural eta sozialek, bakoitzak bere zirkuluetatik eta ahl den neurrian ekimen bateratuak antolatuz; mugimendu sindikalak, bakoitzak bere eragin guneetatik eta lor ditzaketen akordio eremuetatik; alderi politikoek, banaka, baina baita ere akordio zehatzen eta zabalenak lortu nahian bertzeekin; eremu instituzional publikoetatik ere bai, udaletan, Batzar Nagusietan, Diputazioetan, Parlamentuetan, Gobernuetan..., heldu ahal daitekeen guztietan, adierazpen instituzionalak lortuz eta konpromisoak hartuz hiritarron ezinegona bideratzeko eta eskakizunei bultzada emateko, bai kultura, bai euskara, bai askatasunen inzenean. Agerraldi eta ekitaldi asko eta asko egin zitezkeen gai izanen bagina elkarri kontuak oraindik eskatzeko ez, guztiei ekitaldi berberak eskatzeko ez, bai, aldiz, ekimen ahalik eta zabalenak, batzuetan epelagoak izanda ere, luze eta era mailakatu batean diseinatu eta aurrera eramateko. Bide onetik doa zentzu horretan heldu den larunbateko manifestaldia. Baina ez du zertan hor bukatu behar. Euskara Kontseiluak-edo hartu beharko luke bere gain mundu politiko, sindikal, kultural, sozial eta instituzionalean, ekimen ezberdinak, neurtuak, denboran eta erritmoan mailakatuak, ahalik eta zabalenak, lortzeko erantzukizun hori. Ez baita nahikoa izanen erasoaldi orokor hauek geldiarazteko manifestaldi bat, den handiena ere. Merezi du halako lana.


Zorroka Euskara Taldea
2003-02-20 : 21:14

Egunkariak jasotako erasoaren berri izan bezain laster Berriozarko Zorroka Taldeak bere elkartasun adeitsuena adierazi nahi die Euskaldunon Egunkariari, atxilotutako lankide eta lagunei, euren familiei eta proiektu horretan lanean diharduten guztiei. Halaber, hauxe adierazi nahi dugu:



- Euskaldunon Egunkaria ezinbesteko erreferentea da Berriozarko euskaldunontzat, eguneroko ogia bezain beharrezkoa.

-Euskarak ofizialki ia eskubiderik ez duen zonalde batean Egunkaria gure hatsa eta gure ahotsa izan da behin baino gehiagotan. Izan ere Zorroka Taldearen aldarrikapenek beti izan dute oihartzunik komunikabide horretan; besteak beste, gure herriko kale-izenen toponimari egindako erasoan, pediatra euskaldunaren errebindikazioan, e.a.

- Eukaldunon Egunkariaren kontrako eraso bortitz hau euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren kontrako eraso garbi bat da eta ikusi nahi ez duenak baino ez du ikusiko.

- Euskaldunon Egunkariak izan, izaten eta izanen gaitu erosle, harpidedun, laguntzaile eta sustatzaile eta lerro hauen bidez berretsi nahi dugu argi eta ozen: denok gara Egunkaria, Egunero!

oihana elorza
2003-02-20 : 21:42

Euskaldunon Egunkariaren aurka egindako neurrigabeko eraso honen aurrean, Bertatik Bertara egiten dugunok elkartasuna adierazi nahi dizuegu.


Euskaraz lan egitea eta irakurtzea ere debekatu nahi digutenez, inoiz baino beharrezkoagoa da egunero Euskaldunon Egunkaria eskuartean izatea. Horregatik, datozen aleak egiteko beharrezko izango duzuen berotasuna eta indarra jaso ezazue.


EUSKARABILA Euskara Elkartea
2003-02-20 : 23:06

Euskarabila euskara elkarteak elkartasuna adierazi nahi die Euskaldunon Egunkariari, bertako langileei eta baita atxiloketa burugabe hauek kaltetu dituen lagun eta erakunde guztiei ere. Atxiloketa hauen bidez Euskaldunon Egunkariari eta euskarari eraso zuzena egin zaiela uste dugu.



Bihar goizean eta egunero Euskaldunon Egunkaria irakurtzeko aukera izan dezagun eta esparru berrietara ere euskara zabaltzeko lan egitera dei egiten dizuegu euskaltzale guztioi.



bordaberria
2003-02-20 : 23:12

>

> > 1-Entzutegi nazionalaren erabakiak ez onartzea

2- Donostiko manifestaldira joan

3- Bihar Andoaineko egoitza nagusira joan prezintoa apurtzeko.

4- Kasko urdinen laguntza eskatu ONUri

>

>

Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea
2003-02-20 : 23:18

Urretxu-Zumarragako Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartetik, momentu latz hauetan, gure elkartasun osoa adierazi nahi dizuegu bai gaur goizean atxilotutakoei bai zuen senitartekoei. Aldi berean, Egunkariako langileekin bat egiten dugu eta aurrera jarraitzeko gure indar guztia bidali nahi dizuegu. Gure laguntza eta sostengua duzue, denok ikusi nahi baitugu berriz kaleetan Euskaldunon Egunkaria.



Euskal kulturaren eta euskararen aurkako ekintza honentzat, gure gaitzespena eta atxikimendua adierazi nahi dugu Urretxu-Zumarragatik.



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea



xuri
2003-02-20 : 23:35

oier gorosabel larrañaga
2003-02-21 : 01:01

Bide zuzena hauxe dala sinisten dot. Euskalherri barruan egindako mobilizazio danak espainiar eta frantziar medioak isilaraziko dituez mediatikoki (hala era guzti be egin egingo doguz, eh?) eta beraz blokeo hori haustea derrigorrezkoa da oihartzuna egin nahi badogu. Manifak eta komunikatuak ondo dagoz, baina munduari begira egin behar dogu lan. Idea barriak behar diraz, protestak endogamikoak izan ez deitezen.

-----

Oier Gorosabel Larrañaga

Lekeitio - Euskalherria

Kondetar Paule
2003-02-21 : 01:20

Animo danori! Jarraitu bidean aurrera, zuekin izango gara.

Zorrotzako Euskal Txokoa Zorrotz-Morrotz Aldizkaria
2003-02-21 : 01:35

Gure barrenetik sortutakoa, berriro erneko da.

Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
2003-02-21 : 01:42

Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldeak bat

egiten du, une latz hauetan Euskaldunon Egunkariko

Zuzendariekin, beren familiekin eta kazetariekin.



Behar zaituztegulako!!!



Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea





Prest! eta Berton aldizkariak
2003-02-21 : 07:11

Bilboaldeko Prest! eta Berton herri aldizkariak egiten ditugun guztien izenean, elkartasuna eta salaketa.


Elkartasuna Euskaldunon Egunkariako behargin guztiei, irakurle guztiei eta, oro har euskalgintzako sektore guztiei. Nahi duzuenarako, hemen gaude. Eta salaketa, adierazpen askatasuna beste behin larriki urratu dutelako eta euskararen mundua bortizki eraso dutelako. Euskarak -eta euskaldunok- bizi behar du.


Teresa Toda , Iraultzen, LABeko aldizkaria
2003-02-21 : 07:13

Iraultzen aldizkaritik, gure elkartasun beroena Egunkarian aritzeagatik atxilotuak izan diren pertsona guztiei, baita Egunkariako langileei ere.

Estatu espaniolaren eraso basatien aurrean, herri bezala erantzun behar dugu, hori baita gure indar handiena; mobilizazioetara adi egon behar gara, ahalik eta jendetsuenak izan daitezen.

Han ikusiko garelakoan!

Artez Euskara Zerbitzua
2003-02-21 : 10:33

Artez Euskara Zerbitzutik gure elkartasun osoa adierazten diegu Egunkariako behargin eta irakurle guztiei eta aurrera jarraitzeko gure berotasuna bidaltzen diegu.



Aldi berean, bat egiten dugu bai atxilotutakoekin bai euren senitartekoekin. Kezkatuta gaude atxilotutakoek jasan dezaketen tratuaz eta guztiak gure artean lehenbailehen egotea nahi dugu.



Adierazpen askatasunaren, euskal kulturaren eta euskararen kontrako eraso hau salatzen dugu eta, era berean, erasoaldiaren aurrean elkarrekin gogor lan egiteko dei egin diegu euskalgintza eta euskaldun guztiei.



Euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra dugunez, behar-beharrezkoa da Euskaldunon Egunkaria egunero izatea irakurleon eskuetan. Beraz, datozen aleak egiteko beharrezko izango duten indarra bidali eta gure aldetik eman genezakeen laguntza guztia eskaintzen diegu.

Joserra Beloki
2003-02-21 : 10:56



> ETA honen errudun ere jartzen ari bazara>



Hori zuk esan duzu. Nik ez dut hori esan. Nik esan dut esan dudana : egur klase batek (besteak beste) herri mugitu honen desmugitzea ekarri duela, eta desmugitze horrek herri honen etsaiak bestela egiten ausartuko ez liratekeen hainbat azio egiten ausartzera eraman dituela. Gai hori ez dut “motu propio” ekarri foro honetara, baizik eta aurreko adierazpen bati erantzunda. Eta, une honetan, ez dut gehiago gai hori erabiliko. Une honetan “distraitzaile” gerta baitaiteke. Eta ez dut nahi inor “distraitzea”. Nahi dut dauden ekimen euskaltzale eta herrizale guztiak helburu bakarrean kontzentratzea; alegia, erantzun hain erabatekoa ematea, non eraso latz, estrategiko, honetatik kaltetuta atera ordez, indartuta atera daitezen euskalgintza eta herrigintza. Eta ez naiz ari larunbateko manifestazio nazionalaz, bakarrik; dezente gehiago egin beharko baita, denbora dezente luzeagoan. Ongi izan, eta larunbatera arte.

josu
2003-02-21 : 10:56

Egun txar guztioi



Gure erantzuna nola bait laguntzea da. Aurpidedun egin esate baterako



josu

Garikoitz Etxebarria
2003-02-21 : 11:31

12etan Sopelanako udalaren aurrean bilkura Egunkaria ixilduaraztea salatzeko.





Uribe Kostako Euskera Zerbitzua

Asier
2003-02-21 : 16:33

Nik flipatu egiten dut benetan.

Euskalgintzaren kontrakoa erasoa???? Baina adarra jotzen ari zarete ala zer?? Euskaraz idazten zuelako atxilotu dituzte 10 lagun hauek? Eta aurreko beste 24 atxilotuak ere euskalgintzaren kontrako erasotzat hartu al daiteke be bai???



Mesedez!! Hau beste behin ere, eta ez da oso azkarra izan behar ikusteko, Euskal Herriaren izatearen aldeko borrokan dabilen jendearen aurkako eraso zuzena da. Asteartean eta azteazkenean atxilotutako beste lagun guztiak bezalaxe.



Orain zer egin behar dugu bakarrik beste egunkari bat sortu, hemetik 3 urtetan(adibidez) berrio itxi dezaten???

Konponbidea denok dakigu zein dan, eta hori pasatzen da estatu faxista horretatik bereizketa, halako erokerietatik salbu egon ahal izateko.



Baina horretarako gauzak argi eta garbi esan behar dira eta ez Kontseiluak esan dauen moduan euskararen kontrako erasoa dela adieraziz.



Euskal Herria eta abertzaleak dituzte jopuntuan, beraz eraik dezagun herri hori.

ander garcia
2003-02-21 : 23:11

Kaixo ,

Badirudi www.egunero.info gainezka dagoela , eta horregatik web honen ispilua egin det . Baina ez dago guzti guztia , beraz norbaitek bere artxibu tenporaletan badauka bidali iezadazue .



eguneroren ispilua www.egunero.tk duzue

Utzi Bakean Euskal Herria
2003-02-24 : 03:21

Eta Ruiz del Olmok Guardia Zibilari agindutakoa, Ertzaintzari(PNVri) agindu izan balio??

Estatu faxista baten gutiziei amen esaten dien lehendakari batek ekarriko al du bakea herri honetara?

Inork ikusi al zuen Ibarretxe Donostian??

(ETAren aurkako manifa-muntaia hipokritaren bat antolatzen izango zen...)



INSUMISIOA!!

FAXISTAK KANPORA!!

AURRERA EGUNKARIA!!

ATXILOTUAK ASKATU!!

Erantzun

Sartu