Teknologia albisteak
1

Espazioko igogailua, kontuan hartzeko alternatiba

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-02-12 : 10:02

Ez da txantxa, ez eta adar jotzea. NASA berriro ari da aztertzen espazioko igogailua, aspaldiko ideia bat, 50 urte barru egia bihur daitekeena.

“Jaun-andreok, ongi etorri NASAren espazioko igogailura. Lehen geldiunea izango da Ilargi mailako plataforman, aurrera egin aurretik Muga Berrietako Espazioko Koloniarantz. Bidaiak bost bat ordu iraungo du, beraz, jarri eroso eta gozatu. Hori bai, igo ahala ez ahaztu begiratzen lehiatilatik kanpora. Ikusiko duzue nola borobiltzen den Lurra eta zelan aldatzen den zeruaren kolorea urdin ilunetik beltzera. Inoiz ikusiko duzuen ikuskizunik harrigarrienetako bat, benetan”.

Goiko hau izan zitekeen Arthur C. Clarke idazleak asmatutako eleberri baten pasarte bat, adibidez Fountains of Paradise liburuarena. Zientzia fikzioa, beraz. Baina gaur egun NASA bera serio ari da aztertzen espazioko igogailua egiteko aukera. Are eta gehiago joan den asteko istripuaren ostean.

Orain hiru urte NASAk espezialista mordo bat bildu zituen Alabaman, aztertzeko zer posibilitate dauden espazioko igogailu bat egiteko. Sinestuta irten omen ziren egin daitekeela, ez dela dagoeneko zientzia fikzioa.

Nolako igogailua

Clarkek zabaldu zuenetik, hainbat proposamen egin dira espazioko igogailua egiteko. Dena dela, hauxe da landuena edo aukera gehien ikusten zaiona: kable bat abiatzea lur azaletik gora, ekuadorretik ahal dela, eta orbita egonkorrean dagoenean lotzea bai espazioko hotel bati edo propio hantxe kokatutako asteroide bati, 35.000 bat kilometrora. Orbita egonkorrean egonda, lotuneak birak emango lituzke Lurrarekin batera, beraz, beti egongo litzateke puntu berean. Transbordadore elektromagnetiko bat arduratuko litzateke jendea eta kargak garraiatzen kablean gora eta behera.

Espazioko igogailua egonkorra izan ledin, hala ere, beste beso bat egin beharko litzaioke orbita egonkorretik harantzago, kontrapisua egiteko. Beso hori erabil liteke zenbait karga edo satelite gorago bidaltzeko, ilargira adibidez. Adituek hauxe jotzen dute sistemarik logikoena espazioko turismoa egiteko.

Dena dela, honek guztiak eskatzen du hainbat teknologia gehiago garatzea, adibidez, nanoteknologia, zeinen bitartez lantzen baitira zuntz ultragogorrak, kableak eutsi diezaion zamari; eta tranbordadore elektromagnetikoak, gaur egungoak baino bizkorragoak eta seguruagoak.

Zenbat diru?

Horrelako igogailu bat egitea kostatuko litzateke 40.000 milioi dolar, hau da, Nazioarteko Espazio Estazioak balio duenaren %40.

Bestetik, sei tona karga orbitan jartzeak balioko luke 17.700 dolar, igogailuan eramanez gero. Transbordadorean eramateak, aldiz, 22.000 dolar balio du. Hauxe da, hortaz, espazioko igogailuak duen abantailarik handiena: askoz ere merkeagoa da gaur egungo garraiobideak baino.

Ideiaren gurasoak

Gehienok uste izan dugu Arthur C. Clarkek asmatu zuela ideia hau, 1978an honetaz idatzi zuelako Fountains of Paradise eleberrian. Baina aita beste bat da.

  • 1895ean Konstantin Tsiolkovsky zientzilari errusiarrak proposatu zuen egitea Zeruko Gaztelu bat Lurraren orbita egonkor batean eta lotuta Lurrari dorre baten bidez.
  • 1960an Yuri Artsutanov ingeniari errusiarrak idatzi zituen Pravdan lehen ideia berriak espazioko igogailuen gainean. Ez zuen oihartzun handirik izan.
  • 1966an John Isaacs amerikar ozeanografoak idatzi zuen Science aldizkarian hari pare bati buruz, zeinak iristen ziren satelite batera.
  • 1975ean Jerome Pearson AEBetako Aire Armadako Ikerkuntza Laboratorioko ikertzaileak idatzi zuen espazioko igogailuaz eta artikulu honek bai izan zuen eragina aire ingeniarien artean. Artikulu honetan inspiratu zen Arthur C. Clarke bere eleberrian horretaz idazteko. Eta, zer esanik ez, Espazio Odisearen sortzaileak egin zuen ideia ezagun mundu zabalean.

Erantzunak

r. xalba garez
2003-02-12 : 11:43

Uste dut NASAk gero eta diru gutxiago izango duela, nolatan ez duen bere teknologia Rumsfeld, Cheney eta harakin enparauen nahikundeetara makurtzen: Heriotz makinak sortze aldera, alegia.



Proposamen bat beraz: Igogailua ez baina diseina dezatela jeitsigailua, lurraren erdirainoko bidaia egiteko modua. Horrela magmaren suntsitze ahalmen nuklearra esku-eskura, kriston dirutza aurreztuko dute USAkoek napalm, fragmentazio bonba, uranio enbrutezitu etabarretan...



Datozen urteetan garbitu beharreko miloika izakiak horrela suntsi ditzakete, eta gainera ez da gas kamerak bezalako nazia geldituko. Beraz Savaterrek ere defendatzeko moduko soluzioa.





Ai! Bai proposamen inozoa... Tingladu honen helburuetako bat, petrolioa bereganatzeaz gain, amerikar industria ahalguztidunak "stock"ean atera ezinik dituen lehergai, amunizio eta altzairu eskirlei leku uztea dela ahaztu ez zait ba!!!





In god we trust! (Ai, apatrida progre tonto batek esandakook barka, otoi, eusko- ultraeskuindar bizkorrok).













Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago