|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Euskal kostaldea hiltzen ari daJabi Zabala - Uribe Kostatik ¦ 2003-02-05 ¦ 09:24 ¦ bestelakoakBadira bi hilabete gure kostaldera Prestige petroliuntziaren lehenengo orbanak heldu zirenetik. Egunotako hirugarren petroleo olatuak aurreko biak atzean utzi ditu alde ederragatik. Txarrena etortzear ei dago, baina jada etorri denaren aurrean Eusko Jaurlaritza ez da gauzak hain ondo egiten ari, Josu Jon Imazek eta ETBk kontrako irudia eman nahi duten arren. Txipio Bai talde naturzaleak koordinatuta, hiru asteburu daramatzagu irtenaldiak egiten Uribe Kostako kostaldea aztertzeko. Balizko bolondres moduan aritzeko izena eman dugu eta izenak Jaurlaritzari pasatu, baina momentuz ez digute galipota batzeko "baimena" eman. Beraz, ornitologoekin eta Barrika Surf Taldeko surferrekin batera astero geratuta, Barrika eta Basorda arteko gunea taldeetan banatu eta aztertu dugu. Txostenak osatu ditugu astero eta Jaurlaritzari igorri. Hildako eta bizirik harrapatutako piztiak Gorlizko errekuperazio zentrora eraman ditugu eta ez dugu askoz gehiago egin. Hori bai, egoera zein den egiaztatu dugu eta ez da Teleberrik saldu nahi diguna. Benetan larrituta eta haserre gaude, gero eta gehiago. Iragan asteburu hau txarrena izan da eta gure inguruetan Armintza izan da esanguratsuena. Igandean batu genituen:
Armintza ondoko Armintzekalde itsasartea ERABAT ASFALTATUTA dago. Ikusi nahi duenak bertara joan besterik ez du eta nuklearrerako bidean justu herritik irteterakoan dagoen harriboletako hondartza errepide bazterretik behatu (kontuz, ez zapaldu!). Plentzian babes hezia kendutaPlentzian, babes hesia kenduta zegoen asteburuan, lehorrean eta orbanak itsasadar barrura sartu dira. Horri batu behar zaio iragan igandeko gasoil isuria, oraindik portuan eta itsasadarrean gora usaindu eta ikus daitekeena. ZER EGIN DU JAURLARITZAK?Gauza handirik ez, bolondres taldeen eraketa oztopatzeaz aparte. Josu Jonek dio "profesionalekin" nahikoa dela. Egoera egiaztatu dugunok badakigu koadrilla urri horiekin ez dela kubritzen hondartzetako -eta soilik hondartzetako- zati bat baino. Gure kostaldearen %80 edo %90 diren itsaslabarretan, berriz, duela hile bi izan zen lehenengo inpaktutik EZ DUTE EZER IKUTU. Hondartzak gure kostaldearen zatirik txikiena eta garbitzeko errezena dira eta hala ere ez dute abasto ematen hondartzekin. Lasaitasuna transmititu nahi dute eta horretarako izugarrizko rola hartu du krisiaren "Teleberrizazioak". EITBn Espainiako gobernuak zein txarto egin duen esaten ari dira eta jarraian konparatzeko euskal arrantzaleen lana atera (soldatapekoak eurak ere baina lan itzela egiten ari direnak). Bata egia izateak (Espainiako gobernuarenak) ez dakar berez Jaurlaritzak huts handiak ez egitea. Igandean, kostaldean inoizko inpakturik handiena izan arren, lehena barik azkenaurreko albistea izan zen galipota gaueko teleberrian. Kostaldea eta hondartza gauza bera?Identifikazio manipulatzailea ari dira etengabe errepikatzen: KOSTALDEA=HONDARTZAK. Hori gezur handia da. Ikusle asko jausi da gezur horretan (GARA egunkaria esaterako, balio berarekin erabiltzen baizituen igandean "hondartza" eta "kostaldea" hitzak). Kristolako lana dago egiteko eta oraindik ez da horri ekiteko plangintzarik. Agindu dute datorren astean aurkeztuko dutela bat. Hondartzak kostaldearen zati txiki bat baizik ez dira, hori bai, ikusgarrienak eta eskuragarrienak jendearentzat. Horregatik garbitzen ari dira hondartzak bakarrik, begietan min gehien egiten dutenak direlako. Horregatik montatzen dute paripea Bakioko hondartzan. Eta hondartzak garbitzeko lekurik errazenak izanik, lanean daukaten troparekin ezin badute... Zer egongo ote da begietatik at? Noiz garbituko dute hura? Denborak ere kontatzen du, orbanak sikatu ostean ia ezinezkoa baita haitzetatik ateratzea. ONDORIOAKProfesionalekin ez da heltzen, ezta hondartzak garbitzeko ere (Armintza kasu: aste osoa egon baita kontainer bera bete gabe). Diputazioko "Base Gorrian" bi pertsona ibili dira asteburuetan lanean, ezin dute ia ezer egin. "Profesionalek" (kontratatuek) lana egiten dute eta gero libratu. Asteburu osoan ez da inor azaldu Armintzan garbitzera. Adituen Urdaibaiko krisi mahaian Lakuatik argi eta garbi adierazi dute ez dutela bolondresik deitzeko inolako asmorik. Zergatik? Alde batetik ez zaie komeni, hemen Galiziaren ondoan gauzak ondo egiten diren irudia eman nahi duelako. Ikusi dute nola Galizian bolondresen izate hutsak gobernua agerian jartzen duen, hau da, arazoak administrazioa gainditzen duela. Hemen ez dute irudi hori eman nahi. Bestetik, ez dute arazorik nahi bolondresekin: istripuak gerta daitezke. Behatzaile eta pentsalari kritikoak dira, kritikatu dezakete antolaketa. Jaurlaritza urduri bolondres taldeekinJaurlaritza oso urduri jarri da euren kabuz garbitzen hasi diren gizabanako eta, batez ere, talde horiekin. Esate baterako surfistekin. Barrikako surf taldekoei Bioaniztasun zuzendari Erkiaga izeneko jaun batek deitu zien eta garbitzera ez irteteko AGINDUA eman. Datorren astean deitu ditu Bakiora ("a capitulo" esaten dena). Hala ere, eurek oraindik ez daukate itsaslabarrak garbitzeko planik. Orain arte beren kabuz hasi diren pertsona eta taldeei esan izan zaie (modu txarrez agindu ere) ez garbitzeko. Hor daude, hala ere, Peña Txuri eta Barrika surf taldeak. Sopelakoek ez dute kasurik egin eta jarraitu dute lanean. Momentuz, biltzen ari gara astero, itsasbeherak aprobetxatuz. Datorren larunbatean, otsailak 8, eguerdiko 3etan Plentziko hondartzako lokaletan (Arkoteren lonja ondoan). Hurrengoan (otsailak 16) goizeko 10etan. Txipio Bai: 656 765 685 Bolondres izateko izena emateko Ekologistak Martxan elkartean. e-posta helbide bat ere zabaldu dugu, Uribe Kostan laguntzeko prest daudenek bertara idatzita izena eman dezaten: ukgarbia@yahoo.com Ez dugu kamikaze izan nahi, deitu gaitzatela, koordina gaitzatela Jaurlaritzatik. Baina interes politikoak tartean, eurek ez badira mugitzen, gure kabuz hasi beharko dugu garbitzen Eta JAURLARITZAREN JARRERA SALATZEN. Ez gaude prest geldi geratzeko, gure kostaldea da-eta. Erantzunak#1. Zarautzko hondartza ziaro beltz gaurbr>Ibon ¦ 2003-02-05 ¦ 09:42Gaur Zarautzko hondartza galipotez beltz agertu da ta 5-6 lagun besterik ez zeuden garbitzen...Hau al da arrisku-plana 2 kilometroko hondartz batean? ta kostaldeko beste txokoak? Udaletxeak edo Eusko Jaurlaritza ez al dituzte langabeziak lan habetan jarduteko? Hau da desastria!!! :-( #2. bai..Julen ¦ 2003-02-05 ¦ 16:29> Gaur Zarautzko hondartza galipotez beltz agertu da ta 5-6 lagun besterik ez zeuden garbitzen...Hau al da arrisku-plana 2 kilometroko hondartz batean? ta kostaldeko beste txokoak? Udaletxeak edo Eusko Jaurlaritza ez al dituzte langabeziak lan habetan jarduteko? Hau da desastria!!! :-( #3. Kalipotak atrapataOndarroatik ¦ 2003-02-05 ¦ 10:52Ez naiz orain ondarroan bizi, baina jarraitzen dut hango berri. Itsasora ateratzen ari dira txalopak: Beti San Juan, Arlanpi, Bizkargi... eta baita Arrigorri Itsas alkartekoak ere. Eskerrak lanean fin ari direla. #4. Ondarroako Udalak herriarikanttoipetik ¦ 2003-02-05 ¦ 20:27Bai, horrela da. Ondarroako Udalak Prestigeko kalipotaren inguruan kaleratu duen oharra hemen duzue Udal webgunean SEKULA BEZ GEXA! (Nunca mais ondarrutar erara) #5. Ondarrun (eta Mutrikun, Saturraranen) aspalditik daukagu kalipotaAstilleruko pirati ¦ 2003-02-05 ¦ 21:23Ondarroako portuan aspalditik daukagu kalipota. Izan ere, portuan atrakatzen duten txalupek, lotsagabeki isurtzen baitituzte beraien ondakinak portuetako uretara. Makina bat aldiz ikusi ahal ditugu koipe mantxa izugarriak Artibai ibaian gora eta behera mareen arabera. Honen aurrean herritarron jarrera pasibotasuna da, naturaltasunez ikusten ditugu mantxa hauek gure ibaian, normala balitz bezala. #6. Gaizki gabiltzaJoxe Aranzabal ¦ 2003-02-05 ¦ 11:42Ez naiz bizi kostaldean, baina neuk ere susmo horixe dut. Gabonak inguruan, ETBren berriemaileek zorrotz —eta arrazoi osoz— kritikatzen zituzten bitartean PPren gobernuen erabakiak Galizian, ETBk berak ez zigun gure arrantzaleen bat ere irudirik eskaintzen, nola harrapatzen zuten galipota itsasoan, garai hartan hainbat aldiz irten baitziren itsasora. Offeko ahotsak haien balentriak kontatuaz batera, gure kostaldearen ikuspegiak eskaintzen zizkiguten. Eta orain, egia da, hondartzak erakusten dizkigute behin eta berriro, baina itsaslabarrik ez. Arreta handiz irakurri dut zure artikulua, Jabi. Iruditzen zait, gainera, neurrian idatzita dagoela. Eta kontatzen dituzunak bat ere egia badira, gaizki gabiltza. #7. Dana belztuta ikustotAxier ¦ 2003-02-05 ¦ 15:27Neuk zalantzarik ez daukat Eusko Jauntxolaritzaren ganorabakokieriaz. #8. Marea beltzaJimenez Losantos ¦ 2003-02-05 ¦ 16:12Lasai, ez duzu behatz bat mugitzeko beharrik izango. Eta Jaurlaritzak ez du inor kontratatuko beharko harkaitzak garbitzeko. Tonto-progreak joango dira beraiei ez dagokien lana egitera, muxutruk, debalde. Bere osasuna arriskuan jartzen duten bitartean, ez ditugu garbiketa-lanak gure poltsikoetatik ordaindu beharko. #9. TristeaGurutze ¦ 2003-02-06 ¦ 01:06Axier, nahiko penagarria iruditzen zait zuk idatzitakoa. Eusko Jaurlaritzaren lana egokiena ez dela garbi erakutsi digu lehenengo artikuluak, eta hori denuntzaitu beharra dagoela argi dago. #10. Txipio Bai!Luistxo ¦ 2003-02-06 ¦ 07:50
#11. ETBn harkaitzak beltz azaldu dira gaurM.K. ¦ 2003-02-06 ¦ 21:23Ez dakit ETBkoek hau irakurri duten, baina gaur harkaitzetara begira jarri direla dirudi. Gehiago kazetari batzuk, beste batzuk baino, beharbada. Goizeko albistegian ere serioago. #12. Baltzuna honen erdixen zurikeriari stop!Maribi Amorototik ¦ 2003-02-07 ¦ 23:59Benetan interesgarrixe eta baita larrixe be Jabi Zabalak kontaten dabena. EITBren jarrera lotsagorritzekoa... baina bai, kazetari batzuk ikusi dabe dana balztute eta esaten be hasi dire... Bazan sasoie!. Zelan leike oin dala bi hilebetetik hona halako propagandie eittie "Sailarteko Koordinazioaz", "Emerjentzia planetaz..." eta abar. Aspaldi esan eben kostaldeko zenbait alkatek: alperriko bilera propagandistikoetara deitzen gaittue, baina atzean ez dago ezer be!. Benetan fidatuta egozan galipota ez zala hona ailegauko. Eta bai ba!, zelan ailegau ganera!. Orain ez dago hori zuritzerik. Behar dan dirua gastau, eta gero Kupotik kendu. Behingoz duintasunez jokau beharko leuke Jaurlaritzak. Hori iruditzen jat behinik behin. Eta ez desastrie ezin tapaute jardun, atzerabueltarik ez daukon egoera eraginez gure itsas-labar eta kostalde osoan. Bitartien zoriontzekue begitantzen jat bolondresen biherra. Baina hedatu behar dan gauza da: ez dogu inoren baimenik edo agindurik behar geure ingurua zaintzen ahalegintzeko ala?. #13. Hilabete geroago, gauzak antzeraJabi ¦ 2003-03-20 ¦ 12:23Hilabete igaro da goiko mezua igorri nuenetik. Sustatun bertan ikusiko duzuenez, gauzak ez dira asko aldatu. Honen gainean informazio gehiago aurkituko duzue webgunean bertan. Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagobestelakoak gaia duten albiste gehiago
Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|