|
Itzuli orri nagusira Bidali hau Tweet Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimenaJoxe Aranzabal ¦ 2002-11-07 ¦ 12:03 ¦ osasuna“Txakur ahulak arkakuso asko”, esan ohi da. Eta hori gertatzen bide zait niri ere. Minbizia hartzea gutxi ez eta, jakinarazi berri didate ez didatela gida baimena berrituko, harik eta tratamendua bukatu eta hiru hilabete igaro arte. Kimioterapian hasi eta bi aste igaro zirenean, jakinarazpen bat jaso nuen Trafiko Zuzendaritzatik, Madriletik, berritzeko gida baimena, oraingoa azaroaren 8a arte izango bainuen indarrean. Egun berean, beste eskutitz bat jaso nuen Oiz Zentro Psikoteknikotik, Durangotik, han egin nezakeela osasun ziurtagiria. Argazkiak atera —ordurako erabat burusoil nengoen—, nortasun txartelaren fotokopiak egin eta joan nintzen bada Durangoko bulegora. Han Susanak hartu ninduen. Dena ondo, harik eta galdetu zidan arte ea botikarik hartzen ari nintzen. Baietz nik, xalo asko, kimioterapia hartzen ari nintzela. Proba guztiak egin eta gero esan zidan ezin izango zuela egin ziurtagiria, kimioaren kontuagatik. Bakarrik emango zidala ekartzen banuen Galdakaoko Ospitaleko medikuaren beste ziurtagiri bat, esaten gai nintzela beribila eramateko kimioa hartu bitartean. Esan eta egin. Hurrengo astelehenean joan nintzenean Galdakaora, azaldu nion egoera medikuari eta paper bat egin zidan. Biharamonean berriz joan Durangora eta aurpegi luzeak. “Bai, esan nizun ziurtagiria ekartzeko, baina harrezkero hitz egin dugu gure artean eta hobe izango da ez ematea. Bakarrik emango nizuke kimioterapia amaitu eta handik hiru hilabetera”. Haserretu eta alde egin nuen, besterik esan barik. Ez da logikoa Ez, ez da logikoa zer egiten duten. Kimioterapia hartzen ari zarela indarrean baduzu gida baimena, ez dizute kenduko. Zuk erabakiko duzu noiz zauden gidatzeko moduan eta noiz ez. Hori bai, aldi horretan tokatzen bazaizu baimena berritzea, orduan berritu ez. Korehentzia falta zaio erabakiari, nire ustez. Kimioterapia hartzen ari den mundu guztiari kenduko baliote, onartuko nuke erabakia besterik gabe. Baina hau ezin nuen onartu eta beste ahalegin bat egin nuen. Beste ahalegin bat, Gipuzkoan “Hurrengoan merezi duzue egia ez esatea” esana nion Susanari Durangon. Eta horixe egin nuen nik ere. Bizkaian bidea itxita aurkituko nuelakoan, Eibarrera jo nuen beste zentro batera, gero paperak Donostiara bidaltzeko asmoarekin. Joan eta dena primeran: nikia erantzi, auskultatu, galderei erantzun —“ari zara botikarik hartzen?” “Ez”, nik—, frogak egin eta hamar minuturen bueltan, esku artean nuen ziurtagiria. Egunean bertan kartazal batean sartu eta Donostiara bidali nuen, pozik bai pozik. Atzo, berriz, jaso nuen erantzuna Donostiatik:
Izorra hadi. “Gezurra esan nuen Getarin, ni baino lehenago zen atarin”. Informatikari esker, jakina. Hemendik aurrera, eta tratamendua bukatu bitartean, gidari bat beharko dut batetik bestera joateko. Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
Erantzunak#1. Zelako peripeziak, JoxeLuistxo ¦ 2002-11-07 ¦ 14:06> Atzo, berriz, jaso nuen erantzuna Donostiatik: > > - *No se puede proceder a la prórroga de vigencia del permiso de conducir del que es Ud. titular al presentar un certificado médico interrumpido en Vizcaya.* > Lurralde horren izen ofizial bakarra Bizkaia da... Errekurritu nahi bazendu sujeritzen dizut. Liburua ezezik, pelikula bat ere egin beharko dute zurekin. Zelako peripeziak. Duela hiru bat aste Euskadi Irratian, ETB1en ere azaldu omen zinen duela bi aste, eta baita Argia astekarian Elixabete Garmendiaren komentario batean. Eta zurekin batera, Sustatu ere azaldu da medio horietan! Gora zu! #2. Aupa JoxeJose Antonio Villar ¦ 2002-11-07 ¦ 18:16Kaixo Joxe: #3. Markel Irizar txirrindulariak ere minbizia duDick Turpin ¦ 2002-11-17 ¦ 11:15Larunbatean, azaroaren 15ean, Markel Irizar txirrindulari oñatiarra prentsaurrean agertu zen Derion, Euskaltel-Euskadi Fundazioaren egoitzan, jakinarazteko hedabideei berak ere, beste hainbat kirolarik bezala, minbizia duela. Bere kasuan, barrabil batean aurkitu diote gaitza. Markel Irizar Olarra-Consultec taldean aritu da, afizionatuetan, eta aurten zen profesionaletara igarotzekoa, Euskaltel-Euskadi taldera. Hain zuzen ere, talde honetako lehendakaria —Miguel Madariaga— izan zuen ondoan prentsaurrekoan. Eta Ander Astobieta doktorea eta urologoa Galdakao Ospitalean. Eskerrak Asier Atxak hitz egin zidala Markelek berak kontatu zuen nola gertatu ziren gauzak: “Dena hasi zen Goierriko Itzulian, irailaren erdi aldean. Gelan nengoen Asier Atxa taldekidearekin eta honek esan zidan bere herrian, Aretxabaletan, jende gazte asko zegoela barrabiletako minbiziarekin. Biharamonean ikutu egin nituen barrabilak eta konturatu nintzen handidura bat nuela. Ikaratu egin nintzen eta proba batzuk egitera joan. Esan zidaten kiste bat nuela barrabil batean. Orduan Galdakaoko Ospitalera joan eta haiek ere, ebakuntza egin eta kendu egin beharko zidatela. Horrela bada, orain hamabost egun ebakuntza egin zidaten, arazo barik”. Garaiz harrapatu diogu Ander Astobiza doktoreak esan zuen ez dagoela alderatzerik Markelen eta Armstrongen kasuak. “Markeli garaiz harrapatu diogu minbizia, ‘lehen fasean’, eta horregatik ez du hartu behar izango Armstrongek bezain tratamendu gogorra. Adibidez, ez du hartu beharko kimioterapiarik, nahiz eman beharko diogun erradioterapia. Okerrik ez bada, sei hilabetean osatuta egon liteke. Gero, beste sei beharko ditu sasoian jartzeko. Urtebete, beraz, berriro ere lasterketetan hasi orduko”. Jalabert da nire idoloa 1994an, jakin zuenean Lance Armstrong txirrindulari amerikarrak minbizia zuela, eskutitz bat idatzi zion. “Artean 15 urte nituen eta, nire ingelesa oso ona ez bazen ere, ausartu egin nintzen idaztera, animoak emateko. Berak esker oneko txartel batekin erantzun zidan”. Hala ere, profesionaletan Laurant Jalabert bezalakoa izan nahiko luke. Osatzen denean izan lezake horretarako aukera, Euskaltel taldea zain du eta. Miguel Madariagak argi esan zuen: “Ate guztiak irekita ditu. Beti izan da gure helburuetariko bat”. Osatzea baino ez zaizu geratzen, Markel. Animo! Oihartzuna hedabideetan Berri honek oihartzun dezentekoa izan du Euskal Herriko hedabideetan: #4. DV oker dabilJosu ¦ 2002-11-18 ¦ 09:58Eta nondik atera du DVk Markeli kimioterapia eman behar diotela eta Kurutzetako ospitalean? Hori da zehaztasuna, hori! #5. Eutsi goiari!Iñaki Iturain ¦ 2002-12-06 ¦ 12:58Aupa Joxe: Erantzun (klik zabaltzeko)Itxi |
Albiste gehiagoosasuna gaia duten albiste gehiago Portadan orain
Pil-pilean!Erantzun gehien izan dituzten albisteak
|